Lasarte-Oriako herri batean, zelako trabak aurkitu ditzake ezindu batek?
Gure herria ez dago batere ondo egituratuta. Kaleak ez daude prestatuak, ezta aparkatzeko lekuak ere. Araudiak dio dauden 40 aparkalekuengatik 1 ezinduentzako bideratua egon behar duela. Hemen Lasarte-Orian ez daude, eta daudenak, gaizki eginak dira.
Gaizki zergatik?
Adibidez, herriko aparkaleku asko gurpildun aulkitan goazenentzako ezinezkoak dira. Kotxea utzi bai, baina gero ezin bertatik atera espazio ezagatik. Txikiak, edota estuak dira. Askotan ere, zu atera behar zaren aldeko atetik poste bat edo zuhaitz bat aurkitzen duzu.
Egun ikusten ditugun zebra bideekin zer moduz?
Zebra bideetan, ura pasatzeko kanal bat uzten dute, eta azkenean, kriston espaloia geratzen da... Batzuk oso gaizki daude.
Zu oso kirol zalea zara, baina ez duzu herrian praktikatzen, zergatik ez duzu herriko kiroldegia erabiltzen?
Ez dut inoiz erabili. Behin joan nintzen galdetzera eta bertako instalazioak, ordutegiak... ez zitzaidan ondo zeudenik iruditu, eta ez naiz berriro bueltatu.
Azkenean, nire herritik kanpo kirola praktikatzera behartu naute, Donostiako txartela atera dut eta bertako kiroldegietan ibiltzen naiz.
Erreza al da kirol egokitua jorratzen duten taldeak aurkitzea?
Hemen, Gipuzkoan, Kemen taldea dago. Lasarteko krosean parte hartzen duten gehienak bertatik datoz. Elbarrituen elkarte bat da, kirola egiteko; atletismoa, eskia, submarinismoa...
Gipuzkoako federazioak ere eskola ezberdinak antolatzen ditu elbarri dauden pertsonak praktika ditzaten. Usurbilen adibidez, guk pala egiten dugu, frontoian, Usurbilgo pilota taldeak antolatzen du; Bera-Berak saskibaloia du aukeran, nik lau urte damazkit bertan, amateur moduan.
Baina Gasteizen Zuzenak taldeak adibidez, beste maila batean jolasten du. Gainera, saskibaloiaz aparte, tenisa, badmintona... eskaintzen dute.
Zuk kirol ezberdinak praktikatzen dituzu; saskibaloia, pilota... baina ba al duzu kirolen bat gogoko eta praktikatu ezina?
Bai, bela. Probatu dut. Bost eguneko ikastaro batean aritu nintzen, baina egia da, gure inguruan ez daudela guretzako ondo prestatuak.
Donostian adibidez, kaira iristeko eskailerak dituzte. Gainera, itsasontziak ez daude prestatuak. Guk erabiltzeko ontzi bereziak ekarri beharko lituzkete.
Erreza al da kirol egokitua praktikatzea, edo diru aldetik garestia da?
Dirua suposatzen du. Ni adibidez, leku batetik bestera ibiltzen naiz, eta horrek gasolina aldetik kriston dirutza suposatzen dit.
Gainera, kirola egiteko aulki berezia erosi behar duzu, eta momentu hauetan begira nagoela, oso garestiak iruditu zaizkit, 3.000 euro inguru. Horregatik, federaziotik ahaleginak egiten ari gara aulkiak erosteko eta behar dutenei uzteko.
Zu oso inplikatua zaude kirol egokituan, ezta?
Bai, aipatu dudan bezala kirola asko gustatzen zait, asko praktikatzen ditut.
Orain gainera, federazioan sartuta nago. Laguntza behar zutela esan zidaten, eta abenturan sartu nintzen.
Ze gauzak egiten dira federazioan?
Bilerak, erabakiak, proiektuak... Egun Donostian Kontxa inguruan egingo den kirol gunearen proiekturekin gaude, kiroldegia, aldagelak, igerilekuak, gimnasia egiteko makinak... dena egokitua egongo da.
Baina ez da guretzako soilik izango, jende guztiak disfrutatu ahal izango du. Ez da elbarrituentzako leku itxia izango.
Proiektua jada martxan da, eta 2011rako egina egongo dela suposatzen da, Europa aldean lehenetarikoa izango delarik.
Zer esango zenioke istripu bat izan duenari, gurpildun aulkian geratu dena, eta hemendik aurrera kirola praktikatu ezingo duela uste duenari?
Kirola egiteko aukera badagoela, gero eta gehiago gainera. Batzutan zuk egin nahi duzun kirola ez dago aukeran, baina gero eta gehiago ateratzen ari dira eta asko ugaritzen gainera, bilatu egin beharra dago.
Baina nola hasi behar dira?
Norbaitek probatu nahi badu federaziora deitzea baino ez du, eta han esango diote.
Guk adibidez, pala, ostiraletan egiten dugu Zubietako frontoian, 5etatik 7etara. Bertatik pasa, eta probatzera animatzea besterik ez nieke esango.
Saskibaloia Bera Beran egiten da, bertara deituz edo federazioaren bitartez ere jarri daitezke kontaktuan. Bertan ere, esango diete igeriketa non egiten den... ze kirol mota dauden eta non. Federaziora deitu dezakete edo http://www.fgdpm.com/ web atarian duzue informazioa.
Azken finean, beldurrik ez izatea, gerturatzea, bertan kirola nola egiten den ikustea eta probatzea!! Aukerak egon badaudela!!