Loidi-Barreneko pilotaleku berria, edonork erabiltzeko prest

Txintxarri Aldizkaria 2009ko abenduaren 2a

Astelehenean, Ana Urchueguia alkatea, Mikel Cabieces Estatuko ordezkaria, Udal zinegotziak eta Kirol Zerbitzuko Arduraduna Karlos Altuna, besteak beste, Loidi-Barren eremuko frontoi berria bisitatu eta inauguratu zuten.
Izan ere, alkateak eta Estatuko ordezkariak pilotakada batzuk jokatu baitzituzten eta udal ordezkariren bat ere animatu baitzen.

Erabiltzeko prest

Kiroldegi ondoan dagoen pilotaleku berriari buruz, “herritarrek erabiltzeko prest dago. Irekia izango da eta edonork erabili ahalko du. Beraz, dagoeneko haurrak etorri daitezke hona jolastera,” azaldu zuen alkateak.
“Garrantzitsua zen proiektu hau. Herriko erdialdeko eraberritzearen ondorioz, pilotalekua lekuz aldatu behar genuen,” gaineratu zuen.
Era berean, paddle pista eta rokodromoko estruktura eta estaldurako lanak bukatu dira.

Proiektua

Tokian Tokiko Estatuko funtsak finantzatutako proiektu hau eraikitzeko lanak 6 hilabete iraun dituzten eta honi esker, udalerriko kirol ekipamendua osatu eta sendotuko da.
Orain, Iñaki Mugika alkateordeak irailaren 10ean lanei buruz argitaratu genuen erreportaje batean aipatu zuenaren arabera, “Udalaren esku dago, rokodromo eta paddleko azpiegiturak osatu eta frontisa harriz estaltzea. Beti ere, egoera ekonomikoak ahalbidetzen badu.”