Nola sortzen da Trekking Donostia-Baiona gida egiteko ideia?
Iazko abuztuan, nire familiarekin 18 egunez ibili nintzen Himalayan, Annapurnako trekking-a egiten. Hango parajeetan, munduko ederrenetarikoetan otu zitzaidan ideia.
Mendizaleak askotan, gure lurraldetik kanpo egiteko joera dugu, gure inguruaz ahaztuz. Hemen hiri ederrak ditugu, Donostia esate baterako. Hiri ezin politagoa, erakargarria oso, itsasoa eta mendietaz inguratuta. Baiona ere zoragarria da, eta hemen ondoan dugu. Beraz, erreferentziazko bi herrialde nituen. Buruari eragin eta herrialde hauek batzeko asmoarekin ibilbidean pentsatu beharra zegoen.
Zergatik aukeratu duzue ibilbide zirkularra?
Hasieratik aurreikusita zegoen ibilbidea biribila izango zela, baina Donostia-Baiona.
Ezagunak nituen bide ezberdinak elkartu, Santiagoako Bidea, GR-121 Gipuzkoari buelta ematen dion bidea, GR-11 Kantauri Itsasoa eta Mediterraneo Itsasoa elkartzen duten bideak eta Donostiatik Baionara bidean, perimetrotik zihoan bide erakargarria zegoela aurkitu nuen eta Eurohiriaren eremua zela ere.
Orduan, Aldundiarekin harremanetan jarri eta haiek bulegoetan landutakoa praktikan jartzeko aukera zegoela ikusi zuten.
Honetaz gain, Zarautz, Aia ere EuroHiriaren barruan sartzen zirela esan zidaten. Era honetara, ibilbidea hobetzen zihoan eta interesgarriagoa bihurtu zen, Pagoeta parke naturaletatik igarotzeko aukera zegoen.
Normalean Donostia-Baiona ibilbidea zuzen eta kostaldetik egin da...
Bai, bi hiriak kostaldetik elkartuta daude. Baina hasieratik argi neukan garatzen ari nintzen ibilbidean kosta izango zela bueltako bidea.
Gainera, nik mendi historikoak igaro nahi nituen, hala nola, Adarra, Larrun, Andatza, Bianditz... Eta, era berean, iparraldeko zonalde historiko eta ezezagunak, Sara, Senpere edo Espeleta.
Zer aurki dezakegu gida honetan?
Etapa bakoitzeko mapa, ibilbideko deskripzio zabala eta datu nagusiak. Etaparen perfila ere aurki daiteke.
Honetaz gain, etapa bakoitzaren hasiera eta amaiera herrigune edota hirigune batean hasi nahi izan ditut. Ostatua, garraio publikoa dituzten herriak dira.
Era honetara, ibilbideak 250 kilometro ditu eta 60 ordutan egin daiteke. 33 herri edo hirietatik pasatzen da eta 15 museo ikusteko aukera eskaintzen du. Oso gida osoa dugu.
Kulturako gauzak ere aurkitu ditzakegu, beraz?
Bai, horrela da, mendia eta kultura uztartu nahi izan ditugu.
Era honetara, etapa bakoitzaren barnean kulturako hiru proposamen daude, museotara bisitak edo eremua hobeto ezagutzeko liburua. Proposamen hauek Galdu ezin ditugunak izendatu ditut.
Mendian ibiltzeaz gain, hurbileko euskal kultura ikasteko aukera dugu.
Honela, gauza polita eta erakargarria argitaratu dugu. Astebururako egiten ditugun planetarako interesgarria.
Jendeak ezagutzen dituen bideak dira?
Nik ez dut ezer asmatu. Markatuta dauden bide ezagunak dira, nik loturak egin ditut, besterik ez.
Gainera, kontuan izan behar da, etapa batean marka ezberdinak jarraitu behar direla.
Bideak egiteko errazak al dira?
Bidezidor guztiak teknikoki errazak dira, ez dago zaila edota arriskutsua den biderik. Ibilbidean aurkitzen dugun maldarik gogorrena Larrun-eko igoerakoa da.
Beraz, familiarekin egitekoak dira edo mendian hasi berriak direnentzat.
Ficoban burutu zen Mendiexpon egin zen aurkezpena, ezta?
Bai, muga arteko erakusketa azoka bat denez, leku aproposa iruditu zitzaigun. Izan ere, gida honekin Iparraldera ere begiratu nahi baikenuen.
Oso gutxitan joaten gara bertako hiriak edo museoak bisitatzera eta gauza harrigarriak ditugu hemendik oso hurbil. Biarritzen adibidez, Museo Asiatica aurkitzen da. Europan dagoen museo hoberenetarikoa dugu eta Txina, Tiber, Indiako... piezak ditu; Sarako kobazuloak, Arnaga Etxea Kanbon...
Nolako harrera izan du liburuak?
Oso ona. Erabiltzeko erraza da eta gauza berritzaileak aditzera ematen ditu. Eta hori erronka bat izan da guretzat. Izan ere, inguruko era guztietako mendi gidak baititugu.
Gainera, Donostiako Euskal Camping elkarteak laguntza paregabea eskaini dit. Bere presidenteak Gipuzkoako mendi guztiak inork baino hobeto ezagutzen ditu eta oso serio hartu zuten proiektu hau.
Eta honen harira, Donostiaren 2016 hiriburutza babesten, euskal kostako ibilbideak egiteko irteerak antolatu dira.
Durangon ere izango da Trekking Donostia Baiona gida, eta aurrekoaren antzera saltzea espero dut.