Jordi Colomer, San Markos Mankomunitateko aholkularia izan zen azalpenak eman eta herritarren galderei erantzuna eman ziena. Moderatzaile lanetan Xabier Andonegi Lasarte-Oriako parrokoa egon zen.
Egiak eta gezurrak azaldu
Bilketa selektiboaren xedea hondakin kopurua jaistea da. Era honetara, “baliabide gutxiago ustiatu eta energia gutxiago erabiliko litzateke produktu berriak sortzeko,” aipatu zuen Colomerrek.
San Markoseko aholkulariak 2001eko hondakinaren legearen ostean 5.000 biztanle baino gehiagoko herrietan organikoaren bilketa egin beharko litzatekeela gogoratu zuen.
Eta, era berean, egun dauden bilketa selektiboko bi moduak erkatu zituen Jordik, edukiontzien datuak eta atez atekoarenak emanaz. Honela, “4 edukiontzirekin hondakinen %20 biltzen bada, 5. edukiontziarekin %35a, Amarako kasuan, giltza erabiltzen, %20a eta atez atekoarekin Katalunia eta Mallorkako irlako herrietan bataz besteko %70a biltzen da,” azaldu zuen.
Gainera, “edukiontziekin erantzukizuna ez dugu guregan hartzen; atez atekoarekin aldiz, hondakin kopuruaz jabetzen da jendea,” azpimarratu zuen.
Gainera, hondakin organikoaren bilketaren buruzko datuak herritarrei ongi azaltzen ez zaiela ere aipatu zuen, “batzuetan, ez dute biztanleria osoa kontuan izaten eta bestetan, konposta egiten duten herritarren kopurua ere ahazten dute.”
Bestalde, hondakinen biltokiez Jordik atez atekoarekin birziklatu ezin diren hondakinen biltokia behar dela onartu zuen eta, era berean, errauskailuak hondakin toxikoak hartzen dituen biltegi berezia behar duela azpimarratu zuen.
Errauskailuari buruz ere jardun zen, hala nola honek behar dituen hondakin kopurua, filtroak eta osasunean izan ditzaken ondorioak. “Errauskailuak energia sortuko du, bai baina azkenean produktuak egiteko gehiago kontsumituko da,” aipatu zuen.
Honetaz gain, azken aldian entzundako zurrumurruei erantzuna emanaz, “Usurbiletik ondoko herrietara hondakinen turismoa dagoenik ezin izan dugu frogatu San Markosen,” azaldu zuen.
Eta konpostaren usainari buruz ere mintzo zen, “konpostaguneetan urik ez badago, hondakin organikoa begetalarekin nahasten bada iristean eta aireztapena badu, basoko lurraren usaina izan beharko luke konpost horrek.”
Galderak
Herritarren galdera ugari erantzun zituen, hala nola, atez atekoaren kostea, bilketa egunak klimaren arabera ezartzen direla eta herritarrek erabakitzen dituztela, etxean banaketa selektiboa egiteko behar den lekua edo gaizki egiten duena nola zigortu daitekeen azaldu zuen.
“Inor ez dagoela behartua tez atekoan parte hartzera. Egin nahi ez duenak gainera, larrialdietarako eremua,” gogoratu zuen .
Hasierako kezkak eta beldurrak aurka ere erabiltzen direla salatu zuen, “baina azkenean herritarrak hiru edo lau hilabeteetara kontent agertzen da.”
Elkarretaratzea
Hitzaldiaz gain, gaur bertan, arratsaldeko 19:00etan Lasarte-Oria Bizirik! taldeak herriko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egingo du, Emandako hitz errespetatu. Atez atekoa orain! lemapean.
Era berean, deialdia luzatzen die elkarteko bileratara hurbildu, asteazkenean 20:00etatik aurrera Ludotekan, eta atez atekoa ezartzearen alde lan egiteko.