Musikaz gozatzeko asteburua

Txintxarri 2009ko abenduaren 7a

Musika klasikoa edo ahots musika gustuko duten herritarrek asteburu honetan hiru aukera paregabe dituzte.
Ostiralean, 19:30ean Musiké Tekne hari laukoteak Jesus Guridi eta Juan Crisostomo de Arriaga euskal egileen lanak eskainiko dituzte.
Hain zuzen ere, egileek bereziki hari laukote batentzat konposatutako, Cuarteto nº2 eta Cuarteto nº1, izango dira Brigitarren komentuan Danok Kide elkarteak antolatzen dituen V. Topaketa Musikalen barruan entzungai izango diren lanak.
Honetaz gain azpimarragarria da, laukoteko kidetako bat herrikoa dugula, Tomas Ruti. Honekin batera, Izaskun Etxebeste biolina, Maider López biola eta Nuria Nieto txeloa osatzen dute Musiké Tekne.
Goi Mailako ikasketak bertan bukatu, Nicanor Zabaleta eta Ciutat de Manresa lehiaketetan sarituak, Diputazio eta erakunde ezberdinek bekatuta nazioartean ikasketak burutu dituzten laukotea dugu. Maila handikoa laukotea, beraz.

Ahots musika

Larunbata arratsaldean, berriz, ahots musika uztartzen duten bi hitzordu berezi daude.
Batetik, San Pedro elizako parrokiaren 440. urteurrenaren ospakizunen barruan, 19:30ean, Laura Ortigosa sopranoak eta Miroslaw Gorski klabezin joleak kontzertua eskainiko dute parrokian.
Bertan, XVII eta XVIII. mendeko egile handien doinuak, hala nola, Vivaldi, Haendel edo Pergolesiren ak entzungo dira garaiko instrumentua zen klabezinaz lagunduta.
Manuel Lekuona kultur etxean, berriz, Oñatiko Ganbara Abesbatza izango dugu 20:00etatik aurrera.
Ospe eta kalitate handiko abesbatza dugu Oñatiko abesbatza. Horren erakusle, nazio mailan eta nazioartean sari ugari irabazi dituela eta 2006an Tolosako Nazioarteko Abesbatzen lehiaketan parte hartu zuela dira.
Kutxak babestutako emanaldi honetan, kultura ezberdinetako abesti herrikoiak ezagutzeko aukera egongo da.
Era honetara, euskal eta nazioarteko doinuak, hala nola, L. Arambururen Kitolis, J. Bustoren Sagastipean, J. Dominguezen moldaketa den Cantigas Galegas, Estatu Batuetako Shenandoa edo Hamba Lulu abesti afrikarra eskainiko ditu.