Zergatik Argentinara?
Hizkuntzaren aldetikmugarik eskaintzen ez zigulako, eta hori oso lagungarria da. Lurralde bat bisitatzera joatea eta bertan, inongo arazorik gabe komunikatzea paregabea da. Honetaz gain, mendizaleak gara, eta mendizale batentzat paraje ikaragarriak daude Argentinan; glaziarrak, Iguazu, Ushuaia, Perito Moreno... Argazkiak ikusita genituen, baina han egotea, ez dauka zerikusirik, zirraragarria da, oso!
Argentina ikusterik al dago hiru astetan?
Oso handia da, ez du denborarik ematen. Hemendik puntu konkretu batzuk eraman genituen erabakita, eta horretara mugatu ginen. Argentina Amerikako bigarren nazioa da zabalean, iparraldetik hegoaldera 5.000 kilometro daude. Ikusteko lekuak aurretik finkatu genituen, tokialdatzeak hegazkinez egin genituen, eta leku bakoitzean 3 edo 4 egun egin genituen. Ezin genituen egun gehiago igaro.
Nola da bertako bizimodua?
Bi eremu bereizi behar dira; hiriko jendea eta herrietakoa.
Esan beharra dago, han Buenos Aires da hiri handi bakarra, eta bertan, Argentinarren laurdena bizi da. Hiriko biztanleak estresatuta bizi dira, kaletik ikaragarrizko abaiaz mugitzen dira, kutsadura ikaragarri dago. Beraz, errez antzematen dira turistak, kalean zerbait begiratzeko gelditzen diren bakarrak baitira.
Herrietan, aldiz, askoz lasaiago bizi dira. Eremu zabalak, basatiak dira, kutsadura gutxi dago, zerua oso garbi aurkitzen duzu.
Jende gehiena beraz, herri txikietan bizi da?
Bai. Eta herri batzuetan oso jende gutxi bizi da. Adibidez, Ushuaian ez dago bertako biztanlerik, jende guztia dago beste leku batera joateko bidean. Joan den mendean izugarrizko sarraskia egin zuten, bertako indioak, patagonak poliki-poliki erailez. Eremu hau Suaren lurraldea bezala ezagutzen da, indianoak beti sua piztuta baitzeukaten bertako klima hotzagatik. Arrantzarako erabiltzen zituzten kanoetan ere, sua pizteko espazio bat zeukaten, behar-beharrezkoa zuten nabigatzaileak eurak berotzeko. Sua ikusten zen leku guztietatik, eta hortik datorkio izena.
Honetaz guztiaz bertan jabetu zineten, edota hemendik joan zineten heziturik?
Bidaiatu baino lehen informatu ginen, Argentinan gure intereseko zer gauza zeuden jakiteko. Niri natura eta etnografia gustatzen zaizkit, eta horri buruz informatu nintzen bidaia antolatu baino lehen. Joan baino lehen burua hornitzea komeni da, informatu, kokatu eta han zaudela hobeto gozatzeko. Ezagutzen ez duzuna, ezin da maitatu.
Etnografia gustatzen zaizu, Argentinarrak nolakoak dira, zer antzeman duzu?
Haietaz ditugun iritzi batzuk egia dira, hala nola, hizketan oso irekiak direla. Asko gustatzen zaie futbola eta hizketan aritzea. Eraman gintuen taxista batekin hitz egin eta bertako erlijioa futbola dela kontura ginen.
Gainera, argentinar bakoitzak psikologo bat darama barnean. Iguazun gizon bati aldaketa klimatikoagatik galdetu genion, bertan nabaritzen zen ala ez. Eta baietz esan zigun, nahiz eta oihana egon, neguan tenperatura 4 edo 5 gradu jaisten zela, eta gainera, azken urteotan sarritan gertatzen zela.
Zein bizipen ekarri dituzu Argentinatik?
Nahiko naturazalea naiz eta beraz, esperientzia aldetik ikaragarria izan da Argentinako bidaia. Gure ingurua suntsitzen eta eraldatzen ari garela konturatu naiz. Argentinak bere paraje naturalak mantentzen ditu, eta guk honela jarraituz gero, hemendik urte batzuetara, eremu naturalak Argentinan bakarrik izango ditugu ikusteko.
Bidaiatzeko moduak ere hausnarketa pertsonala egitera eraman dit. Hegazkinez mugitu izana, leku batetik bestera, denbora laburrean leku batean egotea... ez nengoen ohituta. Gainera hegazkina ez da mugitzeko nire sistema gogokoena. Oinez gehiago ikusten da, hegazkinarekin ibilbideko paisaiak galtzen dituzu.
Zer aurkeztuko duzue diaporaman?
Kronologikoki azalduko dut bidaia. Iparraldean hasi ginen, Misiones, Iguazú, gero penintsula Baldesera jaitsi ginen, Ushuaia, Calafatera eta bertan Perito Moreno ikustera. Ondoren, Barilochera igo ginen, Argentinako eski zentro batera eta Buenos Airesen amaitu genuen.
Ondoren, Argentinan bizirik dauden hainbat zauri azaltzen saiatuko naiz; Malvinasetako guda, Las madres de la plaza de mayo...
Asko al dira irekita geratzen diren zauriak?
Asko dira oraindik. Diktadura garaian, ume ugari desagertu ziren, “niños robados” deritzotenak. Gu han ginela epaiketa bat burutu zen. Izugarrizko drama. Ume bahitu horietako bat bere benetako gurasoen hiltzaileekin bizi zen. Umetzat hartu zuten bere benetako gurasoak akabatu eta gero. Eta horrelakoak milaka daude.
Aurrerapen hau uzten dizuet, gehiago jakin nahi izanez gero bihar izango duzue aukera.
Bihar, ostegunean, Jalgin...
Bai. Argazki pila prestatu ditugu, hautaketa egiten saiatu naiz, izan ere, 1.500 argazki nituen, baina nik uste aukeraketa polita egin dudala. Argentinan egindako ibilbidea, herritarrengan dauden zauriak... Guztiak irudikatzen saiatu naiz eta hori guztiaz, jabetzeko aukera izango duzue. Beraz, bihar Jalgin 21:30 ikusten gara. Gonbidatuta zaudete denak.