Zergatik Argentina?
Hizkuntzaren aldetik, inongo mugarik eskaintzen ez zigulako, eta hori oso lagungarria da. Lurralde bat bisitatzera joatea eta bertan, arazorik gabe komunikatzea paregabea da. Honetaz gain, mendizaleak gara, eta mendizale batentzat paraje ikaragarriak daude Argentinan; glaziarrak, Iguazu, Ushuaia, Perito Moreno... Argazkiak ikusi genituen, baina han egotea, ez dauka zerikusirik, zirraragarria da, oso!
Argentina ikusterik al dago hiru astetan?
Oso handia da, ez du denborarik ematen. Hemen puntu konkretu batzuk erabaki genituen, eta horretara mugatu ginen. Argentina Amerikako bigarren nazio zabalena da, iparraldetik hegoaldera 5.000 kilometro daude. Lekuak finkatu genituen bisitatu ahal izateko, desplazamenduak hegazkinez egin behar izan genituen, eta leku bakoitzean 3 edo 4 egun egin genituen, gehiago ezin zen.
Nola da bertako bizimodua?
Bi eremu bereizi behar dira; hiriko jendea eta herrietakoa. Hiriko biztanleak estresaturik bizi dira, kaletik ikaragarrizko abaiaz mugitzen dira eta kutsadura ikaragarri dago. Errez antzematen dira turistak Buenos Airesen, kalean zerbait begiratzeko gelditzen diren bakarrak baitira.
Herrietan aldiz, askoz lasaiago bizi dira. Eremu zabalak, basatiak, kutsadura gutxikoak dira, zerua oso garbi aurkitzen duzu.
Hala ere, han Buenos Aires da hiri handi bakarra, eta bertan, Argentinarren laurdena bizi da.
Biztanleriaren aldetik, nahasketa ikaragarria somatzen da Argentinan, bertakoak oso gutxi dira, gehienbat iparraldean aurkitzen dira. Buenos Airesen eta hegoaldean, europar kutsua nabaria da oso; Italianoak, Galesekoak; Nueva Gales sortzen saiatu zirela, Alemanak, Euskalduna... nahasketa izugarria, baina europearra.
Jende gehiena beraz, herri txikietan bizi da?
Bai. Eta herri batzuetan oso jende gutxi bizi da. Adibidez, Ushuaian ez dago bertako biztanlerik, jende guztia dago beste nonbaiterako bidean. Joan den mendean izugarrizko holokaustoa egin zuten, bertako indioak, patagonak poliki-poliki erailez. Zonalde hau Suaren lurraldea bezala ezagutzen da, indianoak beti sua piztuta baitzeukaten bertako klima hotzagatik. Arrantzarako erabiltzen zituzten kanoetan ere, sua pizteko espazio bat zeukaten espreski. Larru antzeko jantzi bat eramaten zuten eta bizkarra erdi airean. Beraz, sua behar-beharrezkoa zuten nabigatzaileek berotzeko. Sua leku guztietatik ikusten zen eta hortik datorkio izena.
Ushuaiak badu istorio polita, ez?
Baditu gehiago. Espetxe bat bisitatzeko aukera ere izan genuen. Eta bertan, indianoei buruzko informaziorako atal txiki bat aurkitu genuen, haien istorioa kontatuz. Bertan bizi ziren indioak basatitzat zituzten, baina ez ziren horrelakoak, nahiko inozenteak ziren. XIX.mende amaieran eta XX.mende hasieran europar asko joan zen lurralde horietara. Ehizara gehienbat, baina azkenean, indianoen lurraldeekin egin ziren. Espetxe hori estrategikoki eraiki zuten bertan. Uharte batean kokatu zuten presoak bertatik ihes egin ezin zezaten. Eta ateratzea lortuz gero, hotzez hilko ziren.
Honetaz guztiaz bertan jabetu zineten, edota hemendik joan zineten heziturik?
Bidaiatu baino lehen informazioa lortu genuen, Argentinan gure intereseko lekuak izan zitezkeenetaz jabetzeko. Niri natura eta etnografia gustatzen zait, eta horri buruz informatu nintzen bidaia antolatu baino lehen. Komeni da joan baino lehen gure burua hornitzea, informatuz eta kokatuz, han gaudela hobeto disfrutatzeko. Ezagutzen ez duguna, ezin da maitatu.
Etnografia gustatzen zaizu, Argentinarrak nolakoak dira, zer antzeman duzu?
Beraietaz ditugun ideia batzuk egia dira, hala nola, oso irekiak direla. Eraman gintuen taxista batekin hitz egin genuen, eta bertako erlijioa futbola dela kontura ginen. Asko gustatzen zaie futbola eta hizketan aritzea. Gainera, argentinar bakoitzak psikologo bat darama barnean. Iguazun gizon bati aldaketa klimatikoagatik galdetu genion, nabaritzen zuen ala ez. Eta baietz esan zigun, nahiz eta oihana egon, neguan tenperatura 4 edo 5 gradu jaisten dela, eta gainera, azken urteotan errepikatzen den fenomenoa dela.
Zein bizipen ekarri dituzu Argentinatik?
Nahiko naturazalea naiz eta beraz, esperientzia aldetik ikaragarria izan da Argentinako bidaia. Gure ingurua eraldatzen ari garela konturatu naiz. Argentinak bere natura parajeak mantentzen ditu, eta guk horrela jarraituz gero, hemendik urte batzuetara, eremuak naturalak bertan, Argentinan, bakarrik izango ditugu ikusteko, hemen desagertaraziko ditugulako.
Bidaiatzeko moduak ere hausnarketa pertsonala egitera behartu nau. Hegazkinez mugitu izana, leku batetik bestera denbora laburrean leku batean egotea, ez nengoen ohituta. 2 edo 3 egun leku batean, gero aldatu, beste punta batera, bidaia bat-batekoan bihurtuz. Gainera hegazkina ez da nire garraiobiderik gogokoena. Oinez gehiago ikusten da, hegazkinarekin ibilbideko paisaiak galtzen dituzu.
Nola definituko zenuke bidaia?
Pelikula baten antzera. Saltoka leku batetik bestera. Esperientzia irabazi dut, eta gauzak ezagutu egin behar direla berretsi. Argentina mendizale batentzako ezinbesteko destinoa da. Calafaten adibidez, trekking bide asko egiteko aukera dago. Oso bidai atsegina eta ikusgarria izan da.
Diaporama aurkeztu zenuten atzo, joan ezin izan zirenentzako ze ikusi zuten bertaratutakoek?
Kronologikoki azaldu nuen bidaia. Iparraldetk hasi ginen, Misiones, Iguazú, gero penintsula Baldesera jaitsi ginen, Ushuaia, Calafatera eta bertan Perito Moreno ikustera. Ondoren, Barilochera igo ginen, Argentinako eski zentro batetara eta Buenos Airesen amaitu genuen.
Ondoren diaporaman Argentinan bizirik dauden hainbat zauri azaltzen saiatu nintzen; Malvinasetako guda, Las madres de la plaza de mayo...
Zauriak oso irekiak daude oraindik?
Gizartean nabaritzen zen zauriak itxi gabeko herrialde batean ginela. Alde batetik, jasan zuten diktadura militarraren aztarnak ikusi genituen, “Las madres de mayo”, bahitutako umeak, Malvinetako guda... eta barru-barruan daude oraindik. Han ginela, diktadura garaian bahitutako ume baten epaiketa ikusi genuen. Oso dramatikoa izan zen kasu hau, izan ere, egun guraso dituenak, bere benetako gurasoen hiltzaile izateagatik epaituak izan ziren. Gogorra.
Argentinan Leyes de punto final ezarri zuten, eta egindako krudelkeria zigortu gabe geratu zen. Espainian egin zen trantsizioaren antzekoa. Franko hil zenean, bat-batean guztiak demokratikoak ziren. Justizia perfekturik ez da existitzen. Demokrazia dauden sistema guztietatik gaitz gutxien daukana dela esaten dute. Argentina ez da justizia adibide bat, eta hori sumatzen da. 30.000 desagertu egon ziren.
Euskaldun pila dago Argentinan, harrera ona egin zizueten?
Toki pilo batean aurkitu genituen euskal etxeak. Jendeak euskaldunak ginela jakitean oso harrera ona egiten zigun. Asko galdetzen zuten, oso estimatuak gara. Izan ere, euskaldun asko dago bertan bizitzen, familia bertan osatu eta han jarraitzen dutenak gainera.
Bidaiatzea gustatzen zaizula nabaria da.
Bai. Argentinan egon aurretik Perun, Nikaraguan, AEB... Bidatzea gogoko dut ikaragarri. Leku bakoitzak dituen ezaugarrietaz mamitzea.
Zer nabarmenduko zenuke Argentinatik?
Lehen aipatu dudan moduan, paraje naturalak mantentzen ditu, eta gainera hauek ikaragarriak dira, Argentina lurralde oso polita da. Paisaje bereziak ditu, adibidez Patagoniakoa. Lautada dagoen tokian arbasta eta gris kolorea dira nagusi, eta bat-batean Andeak hasten diren tokian, dena baso eta oihan bihurtzen da.
Gailenduko nukeen beste gauza bat, animali aniztasuna litzake; pumak, itsas lehoiak, hegazti klase pilo bat, baleak, Magallanes pinguinoak (txuri beltzak dira, baina ez Antartidako pinguino enperadoreak bezala), itsas txakur, itsas elefantea, baleak.... gainera 30ºko tenperaturan bizi dira. Ni normalean, animali hauetako gehienak hotzarekin erlazionatzen nituen, baina guztiz oker negoen.
Amaitu baino lehen, beste anekdotaren bat?
Asko ditut. Baina oso deigarria iruditu zitzaidan abeltzainak dituzten natura eremu handiak. Hemen normalean 4 edo 5 hektarea ditu baserritar batek, eta han estantzia bakoitzak 11.000-15.000 hektarea. Baina gauza da, Argentinan hektarea bakoitzeko ardi bat soilik izan dezaketela, ez hemen bezala, ardi asko pilatzen direla hektarea batean. Han ardiak biztanleak bezala bizi dira, eta gu hemen, animaliak barne, pilatuta bizi gara.
Bidai polita, bueltatzeko intentzioarekin?
Bidai batetik itzultzean beti esaten da bueltatuko zarela, gauza asko geratu zaizkigu ikusi gabe, Argentinako iparraldea adibidez. Txilera pasatzera ere gustatuko litzaiguke... baina esanak hor geratzen dira. Mundua oso handia da, eta beste lurralde asko geratzen zaizkigu oraindik ikusteko.