Sukaldaritza errazeko jardunaldiak

Txintxarri 2009ko abe. 11a, 01:00

Eguberriak ate joka ditugu. Horregatik, urtero legez, Lasarte-Oriako Udaleko Ingurumena, Kontsumo, Merkataritza eta Osasun Sailak Eguberrietako sukaldaritza errazeko jardunaldiak antolatu ditu abenduaren 14tik 17ra. Lau egun hauetan etxea nola apaindu daitekeen ikasteaz gain, Eguberrietako egun seinalatuetako afari eta bazkarien menua prestatzeko proposamenak emango dituzte, baita nola egiten diren azaldu ere.

“Iazko jardunaldiek ekologismoa izan zuten ardatz nagusia. Hauetan nekazaritza ekologikoaren berri eman zen eta Eguberrietako egunetan kontsumo arduratsua sustatu nahi zen, kontsumismoa alde batera utziz,” aipatu digute Ingurumena, Kontsumo, Merkataritza eta Osasun Sailetik.
“Aurten, aldiz, Eguberrietako sukaldaritzako errezetei garrantzia eman zaie, gastronomiak gure gizartean sortzen duen interesagatik eta egun gauden egoera ekonomikoak guk iaz sustatzen genuen kontsumo arduratsu eta arrazoizko hori bideratzen duela uste baitugu,” gaineratu dute.

Jardunaldiak

Era honetara, Ingurumena, Kontsumo, Merkataritza eta Osasun Sailak Eguberrietako sukaldaritza errazeko jardunaldiak antolatu ditu hurrengo asteko astelehenetik ostegunera, arratsaldeko 19:00etatik aurrera kultur etxeko hitzaldi aretoan.
Lau egun hauetan herriko bi jatetxek, Goiegi eta Dana Ona, eta bi komertziok, Ormazabal Loradenda eta Labe Goxo okindegia eta gozotegiak Eguberrietarako proposamenak emango dituzte.
Gainera, iaz ez bezala, herriko bi jatetxeetako sukaldeburuek, errezetak nola egin erakutsiko dute hitzaldi aretoan jarriko den sukaldeari esker.

Proposamenak

Ondoan azaltzen dugun bezala, astelehenean, Ormazabal loradendako lagunek etxea, Eguberrietako zuhaitza eta mahaia apaintzeko ideiak emango dituzte.
Goiegi jatetxeko Juan Luis Eizmendi sukaldeburuak, berriz, menu erraza prestatuko du asteartean, Txirlak eta muskuiluak barazkiekin, marinel saltsan eta Bakailao-carpaccioa.
Asteazkenean Dana Ona jatetxearen txanda izango da. Erromes-maskorra neguko boilurrarekin eta Pagausoa bi egosalditan prestatuko ditu Alberto Rodriguez sukaldeburuak.
Eta, azkenik, askarietan bezala, postre gozoak, Esnegain eta intxaur turroia eta Mazapanezko irudiak, nola egin erakutsiko du Labe Goxo okindegia eta gozotegiko Jose Manuel Acedok.
Beraz, animatu eta gerturatu kultur etxera, asko ikasiko duzue eta!