Musika klasikoa ikusgai

Txintxarri 2009ko abenduaren 11

Musika klasikoa edo ahots musika gustuko duten herritarrek asteburu honetan bi aukera paregabe dituzte.
Gaur bertan, 19:30ean Musiké Tekne hari laukoteak Jesus Guridi eta Juan Crisostomo de Arriaga euskal egileen lanak eskainiko dituzte.
Hain zuzen ere, egileek bereziki hari laukote batentzat konposatutako, Cuarteto nº2 eta Cuarteto nº1, lan hauek izango dira entzungai Brigitarren komentuan Danok Kide elkarteak antolatzen dituen V. Topaketa Musikalen barruan.
Honetaz gain azpimarragarria da, laukoteko kidetako bat herrikoa dugula, Tomas Ruti. Honekin batera, Izaskun Etxebeste biolina, Maider López biola eta Nuria Nieto txeloa osatzen dute Musiké Tekne.
Goi Mailako ikasketak bertan bukatu, Nicanor Zabaleta eta Ciutat de Manresa lehiaketetan sarituak, Diputazio eta erakunde ezberdinek bekatuta nazioartean ikasketak burutu dituzten laukotea dugu. Maila handikoa, beraz.

Ahots musika

Bihar arratsaldean, berriz, ahots musika uztartzen duen hitzordu berezia dago.
Batetik, San Pedro elizako parrokiaren 440. urteurrenaren ospakizunen barruan, 19:30ean, Laura Ortigosa sopranoak eta Miroslaw Gorski klabezin joleak kontzertua eskainiko dute parrokian.
Bertan, XVII eta XVIII. mendeko egile handien doinuak, hala nola, Vivaldi, Haendel edo Pergolesiren lanak entzungo dira garaiko instrumentua zen klabezinaz lagunduta.

Bertan behera

Bestalde, Kultura sailak Kutxaren babesarekin, larunbatean Manuel Lekuona kultur etxean antolatutako kontzertua, Oñatiko Ganbara Abesbatzak eskaini behar zuena, hain zuzen ere, bertan behera geratu da.