Zerbitzu honetaz baliatzeko, karneta egiteko argazkia baino ez duzu eraman behar "doaneko zerbitzu honi esker aste betez jolasak etxean edukitzeko aukera eskaini nahi dugu" aipatu dute Ludotekatik.
Liburutegi batek egiten duen gizarte zerbitzuaren antzeko funtzioa egitea dute helburu "umeak jostailuetaz nekatzen dira eta hori ez gertatzeko sistema eraginkorra dugu maileguarena."
Zerbitzu hau orain arte ludotekako bazkideentzat zegoen eskuragai "oso esperientzia arrakastatsua izan da, umeak gustura ibili dira."
Era honetara, jostailuak ezagutzera eman nahi dituzte Ludotekatik, baita hauek etxera eraman ditzaten bultzatzea ere. "Jolas guztiak ez dira berdinak, nabaritzen dira zeintzuk diren erakargarriago," adierazi digute.
Jolas ugari dago, 2 eta 8 urte bitartekoentzat, adinaren arabera batzuk edo beste aukeratu daitezke. Zenbat eta jostailu gehiago ezagutu, gaitasun ezagutza eta eduki gehiago barneratzeko aukera izango dute haurrek.
Euskarazko produktuak
Honetaz gain, Gabonei begira, aholkularitza zerbitzua jarriko da martxan Ludotekan.
Euskarazko produktuen katalogoa argitaratu berri da eta gurasoei bertan dauden produktuak hurbiltzea da helburua.
Askotan euskarazko produktuak non erosi ez dakite gurasoek, "guk produktu gehienak ludotekan ditugu, beraz ikus ditzakete, probatu eta erabaki zer eskatu Olentzerori."
Era honetara, euskarazko produktuen erabilera sustatu nahi dute. Euskaldunak direnei produktu hauen balioa erakutsi, eta bestetik, euskarekiko harreman bakarra ikastola dutenei "etxeko lanaz gain, euskarak gozamenerako balio duela erakutsi ere. Jostailuak erdarazko bere baliokideak dituen funtzio berak ditu. Jolas hauek gainera hizkuntza lantzeko oso baliagarriak dira."
Jolas zaharrak, bizi berria
Askotan ez dakigu zer egin jolas zaharrekin, baina horien bizitza ez da amaitu.
Horregatik, Amaraun Ludotekak jostailu zaharrak bilduko ditu iparraldeko ikastoletara edota elkarte ezberdinetara bideratzeko.
Euskaraz zein erdarazko jokoak badute bizi berri bati ekiteko aukera, emaiozue zuek aukera!
Ordutegiak
Era honetara, Ludotekako mailegu sistema asteazkenetan, arratsaldeko 19:00etatik 20:00ak bitartean egongo da urte osoan zehar.
Euskarazko produktuei buruzko informazio jasotzeko baita jolasak eramateko ere, abenduan zehar astelehenetik ostiralera mailegu sistemaren ordutegi berdinean.
Baina abenduaren 22tik aurrera, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:30etara egongo da zabalik.
Urtean zehar ere, bi zerbitzu hauek erabiltzeko aukera egongo da, asteazkenetan maileguekin batera.
Gazteburua
Bestalde, bihar, abenduaren 12an, Gazteburuen bigarren saioa antolatu da. Honetan, gaztetxoak piratak bihurtuko dira altxorraren bila.
Hitzordua, arratsaldeko 16:00etan dute gaztetxoek, Atsobakar auzo parkean, itsasontziaren parkean. Eguraldi txarra eginez gero, Gazteburua Ludotekan egingo dela jakin arazi dute Ttakuneko Aisia sailetik.