Txapelketa Nagusiko finala aztergai

jon-altuna 2009ko abenduaren 14a

Barakaldoko BEC leporaino bete zen atzo Txapelketa Nagusiko finala eta Maialen Lujanbio bertsolariaren garaipena ikusteko. Bertsozaleek asko gozatu zuten egun osoan zehar, eta jakina da finalak arrastoa utziko duela ondorengo egun eta asteetan. Esaterako Lasarte-Oriako bertsozaleak ostegunean dute hitzordua arratsaldeko 20:00etan finalaz hitz egiteko Arrieskalleta elkartean egingo den afari solasaldian. Finaleko saioen irudiak emango dira eta gero bakoitzak ikusi eta sentitutakoa komentatzeko eta finaleko beste hainbat gorabehera jorratzeko aukera izango dute.

Ttakun elkarteko Bertso Eskolak antolatu ditu aurten lehen aldiz bertso tertulia hauek. Lehenengoa, Xirimiri elkartean egin zen azaroaren 10ean eta besteak beste Unai Muñoa eta Amaia Agirrek lehenengo fasean egindako lana aztertu zen, kanporaketetako beste zenbait saio aipagarriekin batera, besteak beste Maialen Lujanbioren saio eta bertso sorta bikaina, edota Xabier Silveirak Zarautzen kartzelako lanean egindako potoak.
Bigarren solasaldia abenduaren 1ean egin zen Arrieskalleta elkartean. Solaskide programan ari direnek prestatu zuten afarian, plater eta plater artean, finalerdietako saio interesgarrienak ikusi eta aztertu ziren: Koplatan egindako zenbait bertsoaldi, Unai Iturriagak Iruñean egindako saio ona eta Donostian belodromoan burutu zen finalerdiko zenbait gorabehera ere bai. Hausnarketarako eta eztabaidarako gai eta kezka asko atera ziren bigarren tertulia honetan ere.
Hamabost lagun izan ziren lehen bertso solasaldian Xirimirin eta 30 lagun bigarrenean Arrieskalletan. Bertsozaleak gustura izan dira bi tertulietan, bertsolaritzari, bertsolarien jardunari eta txapelketari buruz hainbat gauza berri eta zirrikitu landu dira eta.
Hirugarren eta azken tertulia, ostegunean abenduaren 17ean burutuko da Arrieskalleta elkartean, final nagusiko gorabeherak komentatzeko. Finaleko bertsoaldi interesgarrienak eskainiko dira banaka banaka eta ondoren bertsozaleek euren kezka eta galderak egiteko aukera izango dute. Ttakun elkarteko Bertso Eskolako kideak izango dira Arrieskaletan euren hausnarketak plazaratzeko.
Osteguneko afari-solasaldira joan nahi dutenek Ttakun Kultur Elkartera deitu beharko dute izena emateko. Esan bezala afaria arratsaldeko 20:00etan hasiko da Arrieskalleta elkartean.