Kubako kantariak ostiralean Zabaletan

jon-altuna 2009ko abenduaren 14a

Yannaysa Prieto eta Maygred Bourricaudy Kubako abeslariek Zabaleta auzoan kantatuko dute ostiral gauean 22:00etan hasita, herriko bertsolariekin batera. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots-ek gonbidatuta heldu ziren urriaren 6an Euskal Herrira [i]Irrien lagunak[/i] hauen azken diskoaren grabaketan parte hartzeko. Bi abesti grabatu zituzten eta ondoren herriz herri dabiltza urte amaierara bitartean.

Duo Jade izeneko bikotea osatzen dute Yannaysa Prieto abeslariak eta Maygred Bourricaudy gitarra joleak. Lehen aldiz etorri dira Euskal Herrira eta oso pozik dabiltza batera eta bestera. 20-25 egunetarako zetozen, baina bisita luzatu egin dute, eta beste bi hilabete geratuko dira Euskal Herrian, abenduaren 31ra arte. Tarte horretan, 20 emanalditik gora egingo dituzte toki ezberdinetan euren musika ezagutarazteko.
Lasarte-Oriako pailazoak eta Kubako abeslariak urtarrilean ezagutu ziren La Habanan. Hiriburuko auzo batean pailazoek eman zuten emanaldian hartu zuten parte eta gerora diskoan parte hartzeko eskaintza egin zieten. Bi abesti grabatu dituzte, bata euskaraz, Kukurrukuku, eta bestea, gazteleraz, Sijucito Platanero. Euskarazko testu ezberdinen artean Kukurrukuku aukeratu eta musika jarri diote kubatarrek. Gero, grabaketarako heldu zirenean pentsatu zuten bigarren bat ere grabatzea. Sijucito Platanero, Kubako txori bati buruzko abestia da, son-a, bertako doinu herrikoietan herrikoiena, Kubako zapore eta ezaugarri berezkoenak dituena.
Pirritx eta Porrotxen diskorako grabaketa ia maleta desegin baino lehen egin zuten, 6an iritsi eta 7an sartu baitziren Garateko estudioetan. Erosoa izan zen grabaketa, bi egunetan lanak bukatuak zituzten eta bisita aprobetxatuz, zortzi abestirekin KD bat grabatu zuten Kaki Arkarazo teknikariarekin: zazpi kantu beraienak eta Kubako abesti tradizional bat. Kontzertuetan salgai jarri dituzte eta pozik daude, ikusle askok eraman du eta euren diskoa etxera.

Herriz herri kantari

Hiru hilabetetan guztira hogei kantalditik gora egingo dituzte. "Bidaiari esker, gure musika ezagutarazteko aukera izan dugu. Zaldibia, Usurbil eta Hernanitik hasi eta pixkanaka toki eta emanaldi ezberdinak etorri dira. Jada ia Euskal Herri erdia pasa dugu" kontatu digu Maigred-ek. Besteak beste, Zuberoan ere egon dira, Maulen, aurreko asteburuan.
"Garrantzia ematen diogu gure musika ezagutarazteari eta ezin ezetzik esan. Taberna, zaharretxe, gastronomia elkarte, antzoki, kultur etxe,... non ez dugu jo? Gure asmoa etorkizunari begira gure musikaren hazia ereitea izan da" kontatu digute Jade bikotekoek. "Denetariko musika egiten dugu, estilo aldetik oso zabala da, bide garbi bat ez dugu segitzen, gure musika nahasketa dela esango dugu, Kubako musika tradizionala eta nazioarteko beste hainbat musika estilo uztartzen dira, Brasilgoa, jazza,... Baina kantaldietara etorri den jendeari son doinuak asko gustatzen zaizkio, musika tradizionala alegia". Hori nabaritu dute, euren abestiak zein hango abesti herrikoiak kantatu dituztenean.

Musika tradizionala

Kantaldietan Kubako abesti ezagunak jo ohi dituzte beraienekin batera. Bikotearen ustez, "gazteen talde gehienek sustraiak gutxietsi eta beste era bateko musika egiten dute, azkarragoa, elektronikoa,... Guk ez dugu arazorik atzera begiratzeko, kontrakoa, betidanik musika tradizionala landu dugu. Baina nahasketa da, esperimentatzea gustuko dugu eta ondo sentiarazten gaituena jotzea ere bai".
Euren musika euskal ikusleengana iritsi dela sentitu dute, "kontzertua ematen ari ginela era batera edo bestera ikusleak gurekin bat egin dutela sentitu dugu". Kantautoreak eta ezezagunak izanik, toki batzuetan beste batzuetan baino hobeto funtzionatu du.
Xirimiri elkartean azaroaren 6an burutu zen bertso afarian izan ziren herritarrek ziurtatu dutenez bi abeslari handi dira, kalitate handikoak eta ahots zoragarria dute. Egun hartan Jokin Uranga, Unai Muñoa, Iñaki Gurrutxaga eta Maialen Arzallus bertsolarien saioan zenbait abesti kantatu zituzten, eta Yannaysa Prietok, animatu eta bertso batzuk inprobisatu zituen, gazteleraz noski. Polita izan zen bertsolarien eta abeslarien jarduna elkarrekin. Egun hartako saioan oso gustura egon zirela esan digu, Yannaysa berak "bertsoak euskaraz baziren ere, ondo sentitu ginen". Bazuten Euskal Herriko bertsolarien berri, (Unai Muñoa Kuban ezagutu zuten), hango "repentisten" antzekoak dira. Kantatzen dituzten "son" horiekin inprobisatu daitekeela jakinarazi zigun Yannaisak eta batzutan berak egiten duela. Xirimirin animatu zen, "bertsotan" aritu zen.
Euskal Herria, euskaldunak, paisajeak, jatekoak eta bertako ohiturak asko gustatu zaizkie. Pentsatzen ari dira elkarte gastronomiko bat irekiko dutela La Habanan. Jatekoari dagokionez, Holguinen jaio eta Habanan bizi den Maigred-ek esan digu gehiena harritu duena txuleta izan dela: “tamaina eta nonahi zein ona dagoen". Habanakoa den Yannaisak hemen jende oso alaia eta jatorra aurkitu dutela dio: "asko lagundu digute, toki batera eta bestera ibili gara beraiei esker".
Beraz, Zabaletan Jade bikotearen abestiez gozatzeko eta beraien diskoa erosteko aukera izango da ostiralean. Zabaletako auzo elkarteak antolatu duen kantaldia, 22:00ak aldera hasiko da. Aurretik 20:00etan hitzaldia eskainiko du Iñaki Petxarromanek, eta ondoren burutuko da afari herrikoia. Auzo elkarteak edaria eta kafea jarriko ditu eta jatekoa norberak eraman beharko du.