Michelin-Lasarte enpresak malgutasun neurriak sei hilabetez luzatuko ditu

Txintxarri 2009ko abenduaren 14a

Michelin enpresak langile bakoitza gehienez 70 egunez eduki ahal izango du jardueratik kanpo 2010. urte erdi aldera arte. Hau izan zen abenduaren 4an, Enpresa Batzordeak eta Michelin enpresak onartutako akordioa. CC.OO, UGT eta CSI neurriari baiezkoa eman zioten 11 bozkakin, LAB eta ELA aldiz, 9 botoekin kontran azaldu ziren eta ESK abstentzioaren aldeko bidea hartu zuen 2 botoekin. Era honetara, indarrean zeuden malgutasun neurriak beste 6 hilabetez luzatzen dituzte.

Michelin enpresak sei hilabetez luzatuko ditu malgutasun laboraleko neurriak.
Enpresak abenduaren 4an enpresa batzordeari malgutasun neurria 2010. urte osorako luzatzea eskatu zion, hurrengo urterako ekoizpen aurreikuspen txarren aurrean.
Enpresaren aburuz, aktibitateak ez du aurrera egiten, eta, gainera, ez dute uste epe motzean hori lortuko denik. Urte honetan gainera, ekoizpenean jaitsiera eman daitekeela ere argudiatu zuten.
CC.OO, UGT, ESK eta independenteak diren CSI enpresari malgutasun neurriak soilik urteko lehen erdian mantentzea proposatu zioten, zuzendaritzak proposamena onartu eta bozketari eman zioten paso.
CC.OO, UGT eta CSI sindikatuen aldeko bozkekin neurria aurrera atera zen, LAB eta ELAk ezezkoa eman zuten eta ESK abstenitu zen.
Era berean, akordio mantentzen den bitartean, enpresak lanpostuak mantentzeko eta enplegua erregulatzeko espediente berririk ez aurkezteko konpromezua hartu zuen.

Langileen egoera

Azken erabakiaren ondorioz, langile bakoitzak 70 eguneko jarduera eza izango du hurrengo sei hilabeteetan, momentuan dagoen planaren arabera.
Galdutako lan jarduera horiek hurrengo 5 urteetan berreskuratu beharko dituzte langileek.
Honetaz gain, langilea lantokira ez doan egun bakoitzeko, dagokion diru kopuruaren %50 kobratuko du.
Hala ere, enpresak segurantza sozialeko kotizazioan %100a jartzen jarraituko du, langileei bere oinarri kotizagarrian ez eragiteko.
Kobratzeko duten gainerako %50a, egunak errekuperatzean jasoko dute langileek.

LAB sindikatua salatzen

Jon Martin, LABeko ordezkariaren hitzetan, bi arrazoi nagusi daude sindikatuak neurri honen aurka egin dezan.
Batetik, planaren neurri baldintzak onartu zirenean ez zirela LAB-en eskakizunak negoziatu. Eta bestetik, puntu garrantzitsutzat jo dutena, Michelin enpresak ez duela datuekin azaldu eskatu duen behar hori.
Ostegunean, malgutasun plana sinatu zelaren bigarren urteurrena bete zen eta LAB sindikatutik salatzen dute enpresak ez duela inolako balantze ekonomikorik aurkeztu harez geroztik, ezta aurreikuspenei buruzko ezer adierazi ere. Era honetara, enpresari, informazio printzipala ez ematea egosten diote.
Honetaz gain, Martinen hitzetan, malgutasun planaren luzapena onartu eta 24 ordutara enpresa batzordera jo eta pentsio plana eskaini zien enpresak gehien kobratzen duten langileentzat.
Eta, azkenik, LAB sindikatutik salatu nahi dute, berriro ere, Lasarteko enpresa honek beste 30 langile Gasteizeko egoitzara bideratuko dituela hiru urtez.
Sindikatu abertzaletik ezin dute ulertu soldata altuenak ordaintzeko dirua egotea, eta ez, ordea, langileei ordaintzeko.