Duela 19 urte, abenduaren 6an sortu zen Egunkaria, eguneroko prentsa euskaraz, eta duela sei urte, 2003ko otsailaren 20an itxi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz euskara hutsez argitaratzen zen egunkari bakarra zena. Sei urte ondoren, bihar hasiko da Egunkariko zuzendaritzako bost kideren aurkako epaiketa Audientzia Nazionalean: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga auzipetuei, ETAko kide izatea egotzi diete, eta fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu badu ere, Dignidad y Justicia eta AVT elkarteen salaketa ontzat hartu eta 14 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin beharko diote epaituek abendua eta urtarrilan burutuko den epaiketan.
2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.
Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, baina ez du batek ere aurrera egin. Aldiz, fiskalaren beraren iritziaren aurka, Entzutegi Nazionalak epaiketara deitu ditu atxilotuetatik bost. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Martxelo Otamendirentzat 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatzen dute bihar hasiko den epaiketan eta Xabier Oleagarentzat, aldiz, 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).
Egunkaria ixtea bidegabekeria izan zela eta epaiketa bera egiteak zentzurik ez duela uste dutenak deitzen ditu Egunkariaren aldeko herri batzordeak eraso hori salatu eta gaur arratsaldean Sagardotegi kalean Egunkaria libre lelopean egingo den ekintzan parte hartu dezaten.