Eneko Molinaren taldeak hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna. Bere erritmoa ezarri eta defentsan sendo ibili ziren.
Zarautz talde gazteak ez zuen aukera handirik izan. Atsedenaldira 3 eta 0 iritsi eta bigarren zatiaren lehenengo minutuetan erabaki zuten partida lasarteoriatarrek beste hiru gol sartuaz.
Zarautzeko atezainak baloia bere atean beste hiru alditan sartzen ikusi zuen. Hala ere, ez ziren borroka egin gabe etxera bueltatu eta ISU taldearen atean gola sartze lortu zuten.
Partida bat gehiago
Partida honetako puntuekin Eskolapioak taldea aurreratu zuen Eneko Molinaren taldeak sailkapenean.
Hala ere, kontuan hartu behar da Lasarte-Oriako taldeak partida bat gehiago jokatu duela eta puntu bakarra dagoela bi taldeen artean.
Gainera, aste honetan, ISU Leihoak taldeak atsedenaldia du. Eskolapioak aldiz, Ceramicas Nogales Astigarraga taldea sailkapeneko bosgarren taldearen aurka du partida.
Lehenengo itzulia amaitzeko hiru jardunaldi geratzen direla, lehia gogorra dute bi talde hauek, ISU Leihoak eta Eskolapioak, sailkapeneko lehengo postua eskuratzeko.
Taularen erdialdean
Denboraldia gaizki hasi bazuen ere Aldaz H.K. taldeak, Nazional B mailako sailkapen taularen erdialdean dago dagoeneko.
Estreinekoz ari da taldea maila honetan lehiatzen. Hala ere, lau partida irabazi eta bat berdindu du eta mailari eusten dio.
Lehengo larunbatean, ordea, ez du zortea lagun izan talde lasarteoriatarrak. Izan ere, Andoaingo Euskalduna taldearen, sailkapeneko azkenaren aurka galdu baitzuen.
Asteburu honetan, aldiz, lehiakide gogorra izango du Aldaz H.K. taldeak, sailkapenean bigarren den Concepto Createch. Ea ezustekoa ematen duen.
Herriko txapelketa
Bestalde, Ostadarrek antolatzen duen herriko txapelketan ere, ISU Leihoak taldea dugu lehenengo postuan.
Gainera, lehiaketa ofizialean gertatzen den bezala, Lekuona-Mena bigarren taldea puntu batera du, Izarra bitxitegia bi puntura eta Izkiña, Buenetxea eta Epel hirura. azken lau talde hauek partida bat gutxiago jokatu dute.
Aste honetan, 9. jardunaldia jokatuko dute 22 taldeek eta partidak beheko agendan argitaratzen ditugu.
Gabonetan herriko txapelketak ez du ia atsedenik izango. Abenduaren azken asteburuan partidak jokatuko dira, lehenengo faseko erdira iritsiaz, eta urtarrilaren 8an ekingo diote, berriro ere, lehiari, aste bete libre izan ostean.