VIII. multimusikalaren egitaraua larunbat eguerdian hasiko da eta igande gauera arte luzatuko da ia etenik gabe. Larunbatean hainbat rock musika talde eta DJ izango dira Lasarte-Orian, Andatzan jarriko den karpa barruan eta beste sei tabernetan ere bai. Igandeko egitarauari dagokionez, aurten jada oso betea dago, indartu egin da, baina larunbata baino askoz lasaiagoa izango da: bertso bazkaria, DVD emanaldia eta herriko Makulu Ken Taldearen eta Aguraingo Etxeko taldearen kontzertua nabarmendu daitezke egitarauan.
Sortu zenean gau bateko jaialdia zen Multimusikala, asteburu osoko egitarau zabal eta oparoa bilakatu da zortzi urte ondoren. Iaz ikusi ziren lehen pausu eta aldaketak, igandean ere zenbait ekitaldi antolatu baitziren, eta aurten jada asteburu multimusikala finkatu egin da bi eguneko egitarauarekin. Gainera, Multimusikala antolatzen duen taldea kultur elkarte bihurtu da, eta beraz urtean zehar ere beste hainbat ekitaldi antolatu eta herriko musika taldeei laguntzeko prest izango dela aurreratu dute.
[h5]Autogestioa[/h5]
Antolatzaileek lan handia egin dute azken hilabeteotan eta arazorik gehien finantzaketak eman badie ere itxaropentsu daude eta uste dute beharrezkoa lortuko dutela, antolatu dituzten kontzertu eta bazkarietan herritarrek parte hartzen baldin badute behintza t.
Herriko komertzio eta dendei laguntza eskatu diete, ahal zuten neurrian emanaz hurrengo urteetan ere antolatu ahal izateko, eta denetarik izan dela esan dute antolatzen ari direnek. Ez dute asko eskatu, bakoitzari ahal zuena soilik, hainbeste biztanle dituen herrian denak piska bat emanda nahikoa izango zela pentsatuz. Auto-finantzaketari heldu eta, jende askok apurtxo bat emanda ere asko lortu zitekeela uste du, hori zen antolatzaileek duten ideia. Beraz, laguntza txikienak ere esker on handiz hartu dituzte eta gutxi falta dute finantzaketa ziurtatzeko.
Herriko denda eta tabernen laguntza azpimarratzekoa izan da, parte hartzeko gogoa azaldu direlako. Horri esker larunbateko bazkaria, pintxo dastatze eta beste hainbat gauza antolatu ahal izan dituzte antolakuntzakoek Multimusikalaren egitarauaren barruan.
Dena den, Multimusikalari lagundu nahi diotenek oraindik izango dute aukera asteburuan. Kontu korronte bat irekirik dute eta tabernetan badira eltzetxoak. Zozketako ia txartel gehienak salduta daude eta lagundu nahi duenak multimusikaleko KDa ere erosi dezake. Antolatzaileek aurreko multimusikaletan parte hartu duten hainbat talderen musikarekin grabatu dute diskoa.
[h5]Egitarau zabala[/h5]
Egitaraua larunbateko bazkari herrikoiarekin hasiko da. Bazkaldu aurretik irekiera ekitaldia, “Sorkuntza aske eta herrikoia sustatu” leloa izango duen protestaldi-kalejira eta poteo musikatua izango dira eta bazkalostean nazioarteko artisten emanaldiak: Peru, Kuba eta Valentziako kantari, umoregile eta musikariak.
Arratsalde eta gauean bost tabernatan izango dira kontzertuak, 17:30ean hasita hurrenez hurren, Jalgi, Sustrai, Xirimiri, Obelix, Udaberri eta Abend-en; Timon tabernan Karaokea egongo da egun osoan, eta gauean zenbait DJk jarriko du musika, Obelix, Ilargi eta Jalgi tabernetan.
Andatza plazako karparen barruan arratsaldeko 19:00ak inguruan hasiko da jaialdia eta beste talde batzuen artean, herrialde kataluniarretik, konkretuki Valentziatik datorren The Startats taldeak joko du; Lasarte-Oriako Musikeskolako kideeek eta iparraldeko Zezenaren taldeak ere bai. Hauek "dantzatzeko musika balkanikoa" eskainiko dute era ganberroan. Bukatzeko, hasteko erromeria eta ondoren musika jartzaileen "Jaula Drum & Bass Crazy Party"a ere izango dira goizaldera arte.
[h5]Igandean paella [/h5]
Igandean musika lasaiagoaz gozatzeko aukera izango da, amaierako kontzertuan Aguraingo Etxeko Taldea eta herriko Makulu Ken arituko dira 19:30etik aurrera, baina igandean ere egitarau zabala dago batetik pintxo eta sagardo dastaketa izango da. Pintxoak Dakara, Lurra eta Iñaki tabernek jarri dituzte, eta Txalagore triki-txalaparta taldeak girotuko du. Bestetik Valentziako paella bat egingo dute bertan eta bazkalostean Unai Muñoa, Uxue Alberdi, Amaia Agirre, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariak arituko dira kantuan eta Estitxu Eizagirre gaiak jartzen. Gehieak Txapelketa Nagusian aritu dira eta bertsotarako puntu puntuan daudenez bertso saioa ere maila onekoa izango dela uste da.
Bertsoen ondoren, behin iluntzen duenean pantaila erraldoi batean "Zertarako amestu" Berri Txarrak taldeari buruzko Rockumentala eskainiko da eta azkenik Makulu Ken eta Etxeko taldeek kontzertua eskainiko dute.
Larunbateko bazkari herrikoirako eta igandeko paella janerako txartelak Ilargi, Jalgi, Obelix eta Sustrai tabernetan daude salgai, langileek 15 euroren truke bazkalduko dute eta langabetuek 10 euro.
Andatza plazako gunean Herrien arteko Kultur Azoka jarriko dute bi egunetan: besteak beste Senegal, Peru, Sahara edo Valentziako produktuak salgai izango dira Multimusikalaren barruan antolatu den azoka berezi honetan.
[h5]Valentziar koadrila [/h5]
Valentziako Carcaixent herritik 25 laguneko koadrila dator. The Skartats musika taldea, Txabi Learreta aktorea, dultzaineroak, pelotariak eta hainbat lagun etorriko dira, 300 bat kilo laranja ekarriko dituzte azokan banatzeko eta ehun lagun baino gehiagorentzat paella egiteko asmoa dute.
Egitasmo benetan interesgarria da Multimusikala Kultur Elkarteak proposatzen duena. www.blogari.net/mltimusikala webean jarri dute informazio gehiago eta egitarau osoa. Eskaintza zabala da eta horrek antolatzen lan handia eskatzen du. Horregatik azpimarratu dute antolakuntzan laguntzen ari diren gaztetxo taldearen ahalegina, asko busti dira eta lan ona egiten dihardute. Era berean eskertu egin dute laguntza eman duten komertzioen borondatea. Oparoa izan da eta.
Bestalde, parte hartuko duten musika taldeak asko dira, baina guztiek berdina kobratu dute. Gutxi gorabehera 200 bat pertsona etorriko dira musika talde eta laguntzaileen artean eta guztiei afaltzen emateko jangela bat jarri dute Ttakuneko gazte lokalean. Han jarriko da parte hartzaileen jatetxea.
Beraz laburbilduz, antolatzaileek laguntza eta konpromisua eskertzen dute eurek ere Multimusikala ez bait dute beraientzat antolatzen, herritarrentzat baizik. Gainera Kultur Elkartearen asmoa multimusikala antolatzetik haratago joatea da, urtean zehar herriari dinamika kultural fresko bat eskainiz.
[h5]Egitaraua[/h5]
[b]Abenduaren 19an, larunbata[/b]
- 11:00etan, jaialdiaren hasiera ekitaldia
- 12:30ean mani-kalejira herrian barrena, "Sorkuntza aske eta herrikoia sustatu!"
- 13:15ean poteo musikatua.
- 14:30ean herri bazkaria (tikeak Ilargi, Jalgi, Obelix eta Sustrai tabernetan salgai)
- Bazkalosteko saioa, nazioarteko jaialdia: Kantaldia, Peruko Maximo eta Kubako Jade bikotearekin, Txabi Learretaren parodia (Paisos Catalans), Valentziako dultzaineroak,...
[i]Kontzertuak tabernetan[/i]
- 17:30ean Jalgin Orioko Cant Explain eta Azkoitiko Aldexo.
- 18:30ean Sustrain Gasteizko Xuorum eta Valium Iruñeako neska taldea.
- 19:30ean Xirimirin Nafarroako taldeak, Amaiurko Erru Gabe eta Iruñerriko Skatu.
- 20:00etan Obelixen Arrautz Ustelak
- 20:30ean Udaberrin Rap saioa.
- 23:30ean Abend aretoan Oreindik eta Namek Planet
- Timon tabernan karaokea egun osoan zehar
[i]19:00etan Andatza plazako karpan[/i], kaleko gunea
- Zephyr (metala)
- The Skartats (Paisos Catalans ska)
- Musikeskolaren saioa
- Zezenaren taldea (musika balkanikoa Iparraldetik)
- Zarauzko Skasti (ska doinuak)
- Beste bat (erromeria)
- Jaula Drum and Bass Crazy Party!!! Karpa itxi arte
[i]Gau osoan zehar DJak herriko hainbat tabernatan[/i]
- Obelixen Aritz Sound System
- Ilargin Selektah Stepi (Bad.S.System)
- Jalgin Revolutionary Brothers
[b]Abenduaren 20an, igandea[/b]
[/i] Andatza plazako karpan[/i], kaleko gunea
- 12:00etan karparen irekiera, pintxo eta sagardo dastaketa, Dakara, Lurra XXI eta Iñaki tabernen eskutik Txalagore triki-txalaparta taldeak girotua.
- 14:00etan bertso paella jate mundiala: Unai Muñoa, Uxue Alberdi, Amaia Agirre, Miren Artetxe eta Ane Labakam kantari eta gai jartzaile Estitxu Eizagirre (tikeak Ilargi, Jalgi, Obelix eta Sustrain salgai)
- 17:30ean DVD emanaldia pantaila erraldoian "Zertarako amestu" Berri Txarrak taldearen rokumentala
- 19:00etan amaiera ekitaldia
- 19:30ean amaiera kontzertua Aguraingo Etxeko Taldea eta Lasarte-Oriako Makulu Ken