Helburu zehatza du, Somoto, herrialde nikaraguarrak Lasarte-Oriatik jaso dituen diru laguntzak nola banatu diren azaltzea eta irregulartasunak egon diren edo ez aztertzea.
Astearteko batzarra EAJ, Hamaikabat, LOHP eta Ezker Abertzaleak eskatuta antolatu zen. Izan ere, kontu hartzaileak egindako informe baten arabera Somotora bideratutako dirua existitzen ez den entitate bati bidaltzen zitzaion eta hori argitu nahiarekin bertaratu ziren udal batzarrera.
Batzarrean PSOEk osotasunezko zuzenketa eskatu eta PPk testu alternatibo bat aurkeztu zuen.
Hasierako tirabirak gaindituta, eta bost minutuko atsedena eta gero, PSOEk zuzenketa bertan behera uztea erabaki zuen.
Eta azkenean, popularren alternatiba izan zen adostasuna lortu zuena.
Onartutako proposamena
Jose Angel Encinasen proposamenaren arabera, komisioa 15 eguneko epean osatuko da eta akordioak lortzeko ahalmena izango du.
Komisioa alderdi politiko bakoitzeko udalkide batek osatuko du, Ezker Abertzalea barne, eta talde osoaren proportzionaltasunaren araberako errepresentazioz. Era berean, Gobernu Batzarreko kide ez den udalkide bat izango du buru.
Bi hilabeteko epea izango du lan taldeak eginkizuna aurrera ateratzeko. Hala ere, beharrezkoa izanik luzapena ere onartzen da.
Egutegi bat finkatuko da, non komisioa osatzen duten kideak behar duten dokumentazio guztiaz baliatuko diren, baita hau aztertu ere. Martxan dagoen auditoriako informeetaz ere baliatu ahal izango dira komisio kideak.
Ana Urchueguia, Lasarte-Oriako alkateak "ez dugu ezer ezkutatzeko eta ahalik eta azkarren kontu hau argitu nahi dugu," adierazi zuen.
Horregatik, komisioaren aurrean lehengo testigantza berarena izatea eskatu zuen. "Nire buruaren kontra esandako guztiak alkatetzatik botatzea dute helburu" gaineratu zuen Urchueguiak.
Pleno aztoratua
Eztabaidan behin eta berriz zinegotziei arreta deitu zien Urchueguiak, gehienbat EAJ alderdiko zinegotzia den Estitxu Alkortari.
Era berean, oposizioko kideak behin eta berriz kexu izan ziren ahotsa ematen ez zitzaielako.
Honetaz gain, Jexux Izetak hitza hartu zuenean, Urchueguiak moztu eta iheslaritzat jo zuen. "EAk eta Hamaikabatek gaur goizean adierazi didatenez, ez zaude ez bata ez bestearen barnean. Hemendik aurrera zinegotzi ez abskribitutzat joko zaitugu udaletxean," aipatu zuen.
Gobernuaren salaketa
Iñaki Mugica, sozialisten bozeramailearen arabera, mozio honen aurkezpenaren helburu bakarra "eraso, jazarpen eta kalumnia kanpainarekin jarraitzea da". HBren garaian hasi zirela egotzi zuen eta oraindik jarraitzen duela, baina garai horretatik "laidoak baino ez dira geratzen."
Somotoren diru laguntza kudeatzen duen fundazioak nortasun juridikorik ez izateak, ez duela zertan existitzen ez denik adierazten gaineratu zuen.
Lasarte-Oriako kirol, giza eta elkarte kultural askok ez dute nortasun juridikorik, eta diru laguntzak jasotzen dituztela gogorazi zuen. Beraz, dirulaguntzen araua bere osotasunean betez gero, asko izango ziren herritik desagertuko liratekeen ekintzak.
Etxebizitzak eta Aminetou Haidar
Bestalde, asteazkenean ere ohiz kanpoko Udal Batzarra egon zen. Nahiz eta PP eta ezker abertzaleko zinegotziak falta, gai ugari aztertu ziren.
Batetik, Ricardo Ortega Gobernu Batzar Lokaleko kide izateko izendapena baliogabetu eta Jesus Zaballos kide berria izendatzea; bestetik, Gizarte Zerbitzuetako sailaren izen aldaketa, hemendik aurrera, Gizarte Zerbitzuak, Enplegua eta Kooperazio saila izango delarik.
Era berean, 2009. urterako plantila organikoaren eta lanpostuen zerrendaren proposamena eta telefono mugikorraren zerbitzuak ematen dituzten enpresek udalaren jabari publikoaren erabilera pribatua eta aprobetxamendu berezia egiteagatik, tasa arautzeko ordenantza onetsi ziren.
Batzordeko puntu garrantzitsuenak, Lasarte-Oriako Babes Publikoko Etxebizitzen erregimena Arautzeko Ordenantza onestea eta Aminatou Haidar aktibista saharauiarekin solidarizatzearena izan ziren.
Lehenengoan, Ogasuneko Batzordean EBak aurkeztutako hainbat emendakin berraztertu eta atzera botatzea erabaki zuen Udalbatzarrak. Horren ostean, Ordenantza berria onetsi zen eta orain GAOn argitaratu behar dute. Bertan hilabete egin ostean, etxebizitza nahi duten herritarren erregistroa irekiko da.
Bestetik, PSOEk, Ezker Batua-Berdeak eta EAJak mozioak aurkeztu zituzten, Aminetou Haidar aktibista saharauiari elkartasuna adierazteko.
Eztabaidatu ostean, guztiek bat egin zuten Diputatuen Kongresuak asteartean adostutakoarekin eta EB eta EAJ taldeek proposatutako eranskin batzuekin.