Kanpoan hotz barruan bero

Txintxarri Aldizkaria 2009ko abe. 21a, 01:00

Musika giroak berotu du asteburu hotza Lasarte-Orian. Larunbat eta igandean hotz egin du kanpoan, baina VIII. Multimusikala burutzeko Andatzan jarri zen karpa barruan eta herriko tabernetan giro goxo eta beroa izan da. Larunbat gauean elurra ari bazuen ere, inor ez zen beldurtu, jolaserako jokoa eman besterik ez zuen egin.
Karpa berotzeko hiru berogailu jarri zituzten antolatzaileek, eta eskertu zen, baina barrutik bero zen jendea bestela ere, dantzatzeko musika izan zen nagusi gau osoan eta pixkanaka berotu zen giroa. Gaueko ska doinuak entzun zein dantzatzen eta erromerian, oso gustura izan ziren multimusikalerako jarri zen karpara hurbildu zirenak. Eta berotzen lagundu zuten Valentziako Carcaixent herritik etorritako koadrilak ekarritako edariek ere: Casaya eta Rufo, anis eta belarrak dituzten likoreak dira, barrua berotzen dutenak eta burret-a ere saldu zuten, kafearekin egindako likorea kokakolarekin nahastua. Hori edan zutenak esna egon ziren gau osoan.

Valentziarren azoka

Startats taldea eta beste hainbat lagun etorri dira Valentziatik, eta hainbat gauza ekarri dituzte: hango laranja bildu berriak, jada gure dendetan saltzen ez diren horietakoak, likoreak,... Gauetan likoreak eta burret-a saldu dituzte, atzo, igande eguerdian, Valentziako paella bikainak egin zituzten ehun bat lagunentzat eta asteburu osoan laranja ekologikoak saldu eta laranja ura banatu dute. Atzo arratsaldean, jada Valentziako aigua edo ura saltzen zuten, laranja ura, kaba, likore lehor eta azukrearekin egindako edaria alegia. Harreman polita sortu da multimusikalean valentziarrekin. Aurretik herriko talde bat egona zen Carcaixent herrian.
Musika estilo ugari, pop, rock, ska, rap, trikitixa, metala,... izan dira VIII. Musikalean. Aurtengoa, larunbatean, goizeko 11:30ak aldera hasi zen eta igandean gauean amaitu. Hotza izan da giroa, baina kanpoan bakarrik, oholtzan eta musikarien inguruan beroa izan da eta. Musikarekin gozatzeko gogoa ez da hoztu eta larunbat goizean goizetik gazte ugari elkartu ziren Andatza Plazan jarritako karpan. Karpan gazte eta gaztetxoak izan dira nagusi baina zaharragoak ere hurbildu dira tarteka musika dastatzera.
Baina ez da musika bakarrik izan asteburu multimusikalean. Sahararekin elkartasuna adierazi eta sahararren independentziaren aldeko leloak zeuzkaten sahariar batzuk karparen sarrerako atean izan ziren larunbat eguerdian, hotzari aurre egiteko, euren edari tipiko beroa eskainiz. Multimusikalak bat egin du Sahararen independentziaren aldeko aldarrikapenarekin.
Larunbatean eguerdiko 12:45 inguruan "Sorkuntza aske eta herrikoia" aldarrikatzen zuen kalejira abiatu zen Andatzatik, Danborrak eta dantzak izan ziren nagusi herrian, Andatza, Kultur etxe eta Brijiden plazatik barrena egin zen kalejiran, jai giroan zihoazten, batukada aurrean eta atzetik gazteak.

Babarrun jana

Ondoren, 15:00ak aldera hasi zen indarberritzeko babarrun jana txorizoa, aza, odolki, ohiko beste osagaiekin. Gazte asko bildu ziren bazkari herrikoian. Eta handik aurrera musika entzun zen nonahi. Urrutitik entzuten ziren karpa doinuak, eta tabernetan bero zen, giro goxoa.
Gauean Andatza plazako karpan dantza egin zuen jendeak ska eta erromeria doinuekin. Abenden aldiz, Namek Planet eta Oreindik taldeekin kalitatezko musika izan zen, Timon tabernan karaokea egun osoan, eta gaueko ordu txikietan DJak, bai karpan eta baita, Obelixen DJ Naken, Ilargin Selektah Stepi, eta Jalgin Revolutionary Brothers.
Igandean ere giro bikaina izan zen goizean Txalagore taldearekin, paella janean ehundaka lagun eta bertso saio bikaina, ondoren, rockumentala eta amaitzeko Aguraingo Etxeko Taldea eta Makulu Ken.
Bazkalostean lau neska aritu ziren bertsotan, Amaia Agirre, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka. Unai Muñoak bertan zirenekin ligatzen jarri zituen lauak, eta mahaiz mahai pasa ziren kantari batekin eta bestearekin saiatuaz.
Bukaeran lehen balorazio baikorra egin zuten antolatzaileek, eta eskerrak eman multimusikaleak parte hartu duten guztiei.