Eguberrietarako errezeta errazak

Txintxarri 2009ko abe. 21a, 01:00

Lasarte-Oriako Goiegi eta Dana-Ona jatetxeek eta Labe Goxo okindegi-gozotegiak Eguberrietarako otorduentzako proposamen ekonomiko eta errazak aurkeztu zituzten lehengo astean burutu ziren Sukaldaritza errazeko jardunaldietan. Jardunaldietan egin ziren bi errezeta, [i]Erromes-maskorra Neguko boilurrarekin[/i] eta [i]Esnegain eta Intxaur turroia[/i] eta proposamen berri bat, [i]Papillotea,[/i] eskaintzen ditugu jarraian. Animatu, sartu sukaldean eta on egin!

Dana-Ona jatetxeko proposamena


Erromes-maskorra Neguko boilurrarekin

Osagaiak 4 lagunentzat:
• 4 Vieira
• 20 zl. oliba olioa
• 20 gr. boilurra
• Tipulin
• Tipuleta bigunak
• Koilarakada bat vermouth zuria

Prestaketa:
Lehendabizi erromes-maskorrak garbitu behar dira. Giharra eta korala gorde. Ontzi batean oliba olio epela eta neguko boilurra zatituta eta vermoutha nahastuko dira.
Bestetik, erromes-maskorreko giharra eta korala plantxatik pasako dira. Ondoren, aurretik prestatua zegoen olio eta neguko boilurraren nahastuko dira giharra eta korala.
Azkenik, nahasketa maskorrean jarri eta gainetik tipulin xehatua bota eta tipuleta bigun frijituekin aurkeztu.

Juan Luis Eizmendi Goiegi jatetxeko sukaldariaren proposamena


Papillotea

Osagaiak 4 lagunentzat:
• 4 zati arraina, 150 - 200 gr. inguru pertsonako
• 16 orri ziazerba osto freskoa
• Pakete bat baratxuri freskoa
• 4 orri azelga
• Tipula
• 2 Patata eder
• Gatza
• Oliba olioa
• Gurina
• Labeko papera

Oharra:
Arraina edozein izan daiteke: Legatza, Izokina, Muxarra, Urraburua...
Arraindegian, arrain horri xolomoak ateratzeko eskatuko dugu, hezurrik gabe eta jateko garbi gera dadin.

Prestaketa:
Tipula juliana finean moztu, eta oliotan gozatzen jarri. Patatak zuritu, zentimetro erdiko lodierako xerratan moztu eta tipularekin batera jarri gatz pixka batekin. Su eztian egiten utzi estalita, patatak samur-samur geratu arte.
Azelga orriaren mamia, ondo garbitu eta ariak kendu ondoren, olio eta gatz pixka bat duen uretan egosi, ondo samurtu arte.
Baratxuri freskoa, ondo garbitu eta atzazal txikiaren tamainako pusketatan egin ondoren, gurina eta gatz pixka batekin gozatu, samurtu arte, baina kolorerik hartu gabe.
Lan guzti hauek egin ondoren, papilloteak muntatu. Pertsona bakoitzarentzako bat.
Labeko papera pusketa bana hartu, 20 x 40 zm ingurukoa, eta erditik tolestura bat egin. Albal papera ere egokia izan daiteke.
Tolestura horren alde batean, jarri, 2 edo 3 xerra patata, olioa ongi xukatuta. Gainean azelga mami egosiak. Gainean baratxuri fresko konfitatua.
Hori dena ziazerba orriekin estali. Bukatzeko, arrain zatia jarri, azala beheruntz duela.
Gainetik, gatz pixka bat eta olio zorrotada bat bota.
Bukatzeko paketea itxi, ertzak ongi tolestuz, eta ez irekitzeko pintza batzuekin edo antzeko zerbaitekin helduz. Ahal den hermetikoen itxi behar dira paketeak, arraina egiterakoan barruko lurrunek ihes egin ez dezaten.
Horrela gordeko dira paketeak hoztgailuan jateko ordura arte.
180ºCtan berotutako labean 8 - 12 minutu beharko ditu plater honek prestatua egoteko, labearen eta sartzen diren pakete kopuruaren arabera.
Paketeak ireki gabe, zerbitzatuko dira, jale bakoitzari bat. Bakoitzak ireki dezala berea, eta jan aurretik usaindu ditzala jaki gozo hauen lurrunak.

Labe Goxo okindegia eta gozotegiaren proposamena


Esnegain eta Intxaur turroia

Osagaiak:
• 500gr. txokolate zuri estaldura
• 100ml. esnegain
• 150gr. intxaur zatitua

Prestaketa:
300gr txokolate maria bainuan edo mikrouhin-labean urtu (gutxiengo potentzian, txokolatea ez erretzeko). Txokolatea behin urtuta dagoela, esnegaina eta intxaurrak gehitu. Kontu handiz dena nahastu eta aurretik prestatuta duzun molde batean hustuko dugu. Hozkailuan utziko dugu, turroiak gorputza har dezan. Behin turroia gogorturik dagoela, geratzen den txokolatea urtu eta estaldura egin. Gustuaren arabera atondu.