Lasarteoriatarrak 2009an 50 urteko bertso ibilbidea omendu zuten Lasarte-Oriak eta Oriok

Txintxarri 2009ko abenduaren 21a

Ttakun elkarteko Bertso Eskolak Patxi Etxeberria bertsolaria omendu zuen irailaren 27an Kultur Etxean. Besteak beste Orio jaioterriko eta Lasarte-Oriako Udalen eta bertso eskolen omen eta opariak jaso zituen 50 urte bertsotan egin dituen Etxeberriak. Ekitaldian parte hartu zuten hainbat urtetan berarekin aritutako bertsolariak, besteak beste, Andoni Egaña, Xabier Amuritza, Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Txomin Garmendia eta Jon Azpillagak.
Gainera Orion jaio eta Lasarte-Oriara bizitzera etorri zen bertsolariaren bizitza jasotzen duen liburu mardula argitaratu du Bertso Eskolak. Xabier Lasa kazetariak egin die elkarrizketa, Patxi Etxeberria eta bere emazte Iñaxiri. Gainera, Patxiren argazki zaharrak, 50 urteko hainbat bertso eta Egaña, Agirre, Lazkano eta Garmendia bertsolarien hitzak ere jaso dira liburuan.
Lagun arteko berotasuna, esker ona, bertsoak eta beste hainbat une goxo izan ziren Patxi Etxeberriaren omenaldian. "Zoragarria izan da" esan zuen Patxi Etxeberria berak Intza elkartean bazkaldu eta gero. Izan ere, hiru parte zituen omenaldiak: San Pedro elizan meza, Kultur Etxean omenaldia eta Intza elkartean bazkaria eta hiruretan izan ziren Patxi Etxeberriak 50 urtetan egindako adiskideen bertsoak. Gainera, Bertso Eskolaren izenean Ane Labakak bertso hunkigarria eskaini zion Iñaxi Etxeberriari kultur etxean.
Arrain saltzaileak izan dira biak urte askotan eta omenaldian "Bronx-eko Pako arrantzalea" gisara aurkeztu zuten antolatzaileek, gero haren garaiko Txomin Garmendia, Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Jon Azpillaga eta Koxme Lizaso aritu ziren bertso kantari, Unai Muñoa, Jexux Mari Irazu eta Andoni Egaña aurkezle-gaijartzaileei erantzunez eta tartetan erakunde, bertso eskola eta elkarte ezberdinek txandaka omendu zuten Patxi Etxeberria.
Lasarte-Oriako Bertso Eskolak aginte makila oparitu zion Patxi Etxeberriari. Honek amaieran kantatu zuen, besteak beste "Egun honetaz ez naiz ahaztuko burua dudan bitarte" esanaz. Intza Elkartean egin zen bazkariarekin eman zitzaion amaiera omenaldiari. Han ere izan ziren bere omenezko bertsoak.
Liburua
"Patxi Etxeberria. Hizketan bezala bertsotan. 50 urtez plazagizon. 1959-2009" liburua kaleratu du Bertso eskolak omenaldiarekin batera Udalaren laguntzarekin.
300 orrialdetan, batetik, Patxi Etxeberriaren zenbait pasadizo kontatzen dira, bestetik, Andoni Egaña, Txomin Garmendia, Joxe Lizaso eta Imanol Lazkano mintzatu dira Etxeberriari buruz eta azkenik, honen ibilbideko bertso eta argazkiak jaso dira. Guztira 400 bertso baino gehiago sartu dira bilduman, Patxik idatzitakoak edo berak eta berarekin zirenek hainbat saiotan botatakoak: Lehenengoak 1963an Hernaniko Erenotzu auzoan Txirritaren omenez kantatutakoak eta azkenak aurten San Pedrotan egindako saiokoak.

Etxeberriak kontatzen dituen pasadizoetako batean Mitxelenak esan omen zion, “Gaur Euskal Herrian den bertsolaririk onenetakoa juzgatzen haut, baina gaur nire azpian ibili haiz” eta ateraldi hori erabili du duela gutxi Antton Olariaga marrazkilariak Zakilixuten tira barregarria asmatzeko.