Lasarteoriatarrak 2009an Go!azen telesailean parte hartu du

Txintxarri 2009ko abenduaren 21a

Lasarte-Oriako beste gazte askok bezala, Jokin Aierregaraik aurretik bazuen dantza eta antzerkian esperientzia, 2008ko maratoian zortzikoteko kide ere izan zen eta hainbat ordu pasatua da oholtza gainean, baina aurten Telebistara saltoa eman du. Batetik “Errazu” izeneko saioan euskarazko piropoei buruzko atal batean parte hartu zuen, Iban Garate aurkezleari piropoak nola bota behar diren erakusten ibili zen, eta bestalde, urritik aurrera telebistako programazioan den Go!azen telesaileko protagonistetako bat izan da.
Landaberriko gazteen antzerki taldeak “Grease” estreinatu zuen ekainean Lasarte-Oriako VII. Antzerki Astearen barruan, eta lan honetan egindako prestaketa ondo etorriko zitzaion Jokin Aierregarairi gero Go!azen telesailerako aktoreen aukeraketa probetarako.
12 kapituluko telesaila grabatu zuen udan Pausokak, uztaila, abuztua eta irailean, ETBk udazkenean emateko. Go!azen filmeak gaztetxoen artean izan zuen arrakasta medio, jarraipena eman diote telesail formatoan. Jokin Aierregarai Aitorren paperean ikusi dugu, abesten eta dantzatzen. Ondo moldatu da aktore lanetan ere.
Antzerki Eskolara deitu zuten Pausokako produktoreek aktoreak behar zituztela esanaz, probatan hiru lagun aurkeztu ziren eta Jokin-i paper nagusietako bat eman zioten. Bost edo sei abesti kantatu, momentuan musika batekin dantzatu eta azkenik, etxean prestatutako testu bat antzeztu behar izan zituen proban. Bi mutil aukeratu zituzten Aitorren papererako eta azkenik bien artean bera.
San Pedrotan hasi eta irailera amaierara bitartean aritu ziren lanean. 12 kapitulu grabatu dituzte 60 egunetan, beraz juxtu xamar aritu dira denboraz, baina pozik dago esperientziarekin eta errepikatuko luke. •