Lasarteoriatarrak 2009an Suitzan saria jaso zuen

Txintxarri 2009ko abenduaren 21a

Gotzon Huegun eskultorea ez da aurten ere geldirik egon. Maiatza hasieran Errenteriko Eskulangintza Azokan salgai jarritako lanik onenari saria eman zioten eta ekainaren 9tik 20ra bitartean Suitzako Morges hiriko Eskultura simposiumean egurra landu zuten artisten artean onena izan zen. Beste hainbat lan eta enkargu ere egin ditu azpimarragarriena Italiatik ekarritako bi metroko marmol zuri pusketa handi batean "El Greco" margolariaren lan bat hiru dimentsiotan egin zuela. Hiru hilabetetan zizelkatutako lan hori panteoi batean jarri zuten azaroaren 1a, domu santu egunaren aurreko egunetan. Carrarako marmol zuri hori, Miguel Angel eskultoreak duela 500 urte erabiltzen zuen berbera, asko gustatu zaio, bere ustez, “ondo irabazita dauka fama” eta berriro erabiltzeko asmoa du herriko eskultoreak.
Errenteriako artisau azokan saria jaso zuen lana gerezi enbor baten azalean zizelkatutako "aquarium" ikusgarri bat izan zen. Itsas azpiko mundua irudikatzen duen zutabe koloretsuaren kalitatea eta berrikuntza saritu zuten eskulangintza azoken artean Euskal Herriko ezagunenetarikoa den Errenderiko azokan. Bertan parte hartu zuten beste 50 artisauen lanen artean berea saritzea erabaki zuten antolatzaileek. Eta ez da aurten jasotako sari bakarra izan.
Bestalde, ekainean Suitzan eskultura simposium batean parte hartu zuen mundu osoko beste 30 eskultorerekin batera Morges hirian, egurrean emakume bat zizelkatu eta handik ere sari batekin etorri zen. "Eskultura express bat egin dut hamabi egunetan" esan zigun orduan Gotzon Huegunek.
13 herrialde ezberdinetakoak ziren beste eskultoreak, eta egurra landu zuten 12 artisten artean epai mahaikoek lasarteoriarraren lana aukeratu zuten. •