Hainbat urtetan euskal kulturaren "zerbitzari" izan dela nabarmendu zuen Ttakun Elkarteak sarituaren izena ezagutarazterakoan, hainbat urtetan herrian euskal musika eta euskal kultura zabaltzeko egindako lana nabarmenduz: "Herriari begira egin du lan, herriko ekitaldietara eraman ditu euskal musika eta herriko musikariak. Beraz herriaren zerbitzari izan da beti eta horregatik emango diogu Ttakun saria, hain zuzen, 32 urte ondoren ikastolako irakasle gisa erretiratu den urtean".
150 lagun inguru izan ziren bazkide eta adiskideen afarian. Mattin Anso eta Intza Alkain-ek aurkeztu zuten denetarik izan zuen ekitaldia: Aitor Atxegak abesti bat eskaini zion Jon Lasari atzean honen irudiak ematen ziren bitartean, Aitzol eta Aroa Lasak Mikel Laboaren abesti bat kantatu zioten aitari, Txintxarriren banatzaile xelebre batzuek, aldizkariaren ale berezi bat banatu zuten, Jonen ikasle batzuek trikitixarekin pieza batzuek jo zituzten, Landaberri Antzerki taldekoek klown ikuskizuna eskaini zuten, Zigor Iriondo eta Ane Labakak bertso batzuek kantatu eta azkenik dantzaldia izan zen Atxega, Iparragirre, San Jose eta Iker Telleria musikarien laguntzarekin.
Nafarra Lasarte-Orian
Jon Lasaren bizarrak, gitarra edo soinua aldean, eta inguruan ume koadrila, musika eta kantua, izan ditugu urteko edozein garaietan eta tokitan Lasarte-Orian. Ez da ohiko musika irakaslea izan, musika jolas moduan hartu eta txikitatik musikarekin gozatzen erakutsi die ikasleei.
Nafarroako da Jon Lasa, Sakanan, Etxarri-Aranatz ondoko Lizarragan sortua eta bertako organista da. Altsasuko seminarioan zaletu zen musikarekin eta gero Lasarte-Oriara duela 32 urte iritsi zenetik irakasle aritu da, Landaberri ikastolan eta duela zortzi bat urtetik hona berak sortu zuen Amalur musika eskolan ere bai. Herriko gazteen gehiengoa pasa da beraz bere eskuetatik. Aurten utzi du Landaberri ikastolako lana, baina Lasak berak esan zigunez, "erretiratu baino, nire motorraren martxa aldatu egingo dut, martxa mantsoagoa jarri".
Herriari begira
Bere ustez, musikak herriari begira egon behar du eta berak argi erakutsi du hori, herrian egiten diren kultur agerraldietara eraman baititu bere musika, eskolako ikasleak, euren gitarra, trikiti, pandero eta euskal giroa. Kantuaren eta euskal kantuen bultzatzaile ere izan da, bere ustez ahotsa da dagoen musika tresnarik ederrena, denok daukaguna eta erabili dezakeguna.
Euskararen maratoian zortzikoteko kide izan zen duela urte asko, eta beti parte hartu du era batera edo bestera. Bere iritziz, argi eta garbi erakusten du maratoiak Lasarte-Orian gaitasun handia dagoela. "Oso herri gutxitan egingo dira hainbeste ekintza, herriak erantzun egiten du. Festetan erraxagoa da gauzak kanpotik ekartzea; eskatzen dutena eman eta kitto. Baina festa herriak berak egiten duenean, orduan politagoa da".•