Lasarte-Oriako Musika Eskolako Iñigo Peña musikagilearentzat 2009a urte oparoa izan da, maiatzaren 29an, estreinatu baitzuen “Mariren labirintoa“ musikala Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Donostialdeko zenbait musika eta dantza eskolek parte hartu zuten muntaian, guztira 300 lagun inguruk.
Iñigo Peña musikari lasarteoriatarrak aurkezten duen lehenengo musikaleko istorioak, euskal mitologiako pertsonaiak eta gaur egungo gazteak nahasten ditu. Ia guztia abestua da, baina une instrumentalak, dantza, elkarrizketak eta argi-irudi efektuak ere baditu.
Peña berak azaldu zigun "oso esperientzia polita" izan dela. Duela lau urte sortu zen ideia, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak istorio bat bilatu eta musika jartzeko proposamena egin zuenean. Iñigo Peñak euskal mitologian oinarritutako proiektua aurkeztu zuen: orkestra, abesbatza, jazz taldea edo konboa eta bakarlariak behar ziren, iaz Donostiako Musika eskolek proiektua aurrera eraman nahi zutela esan eta ikasturtean zehar prestatu zuten maiatzean estreinatzeko.
Bere iritziz, zazpi urtetik gora edozeinentzat egokia da ipuina: "nahiz eta lana antzezten eta musika jotzen dutenak haurrak eta gazteak izan, adin guztientzako dela esango nuke. Asmoa hori zen behintzat. Nire ustez zapi urte azpiko haurrek ez dute ongi ulertuko ipuina. Gainera, esaten dutenez, laneko erritmo batzuek eta jazz giroa ez dira errazak, musikalki ez da entzuteko oso erraza”.
Bakarlarietako bat, lasarteoriatarra da, Easo abesbatzako Sergio Garcia. Iñigo Peñaren iritziz, bakarlariak gazteak dira, baina oso profesionalak oro har. "Denek dakizkite kanta guztiak eta besteen ahotsak ere bai. Lan handia egin dute, polita izan da”.