Beltzak Rugbi Taldeak, aurten sortu zenetik 25 urte betetzearekin batera, kirol honi herrian bultzadatxo bat eman nahi izan dio eta, Ostadarren egituran errugbi saila sortu du, errugbi eskola martxan jarri eta herriko ikastolen Eskola Kirolaren programakuntzan errugbia sartu.
Lasarte-Oriako lehen errugbi taldea, 1984ko udazkenean 17 urte inguru zituzten Sasoetako gaztetxo batzuk osatu zuten, Euskal Herriko Errugbi Eskola Independientea bultzatzen zuen entrenadore bati esker. Hasieran, astean zehar, Dana Ona aurreko aparkalekuan entrenatzen zuten, "herrian argia zegoen toki bakarra zelako", eta igandetan hipodromoan. Lehen lau urtetan Lasarte R. T. izan zen. 1988an kirol-jantzi berriak erosi zituzten, beltzak bi marra zurirekin, eta ordutik taldeari Beltzak deitzen diote, izen hori hartu zuen.
Batez ere, Ipar Euskal Herriko taldeen aurkako lagunarteko partidak jokatzen zituzten. Jakina da, han maila handia dagoela eta, beraz, partidu gehienak galdu egiten zituzten, baina giroa bikaina izaten zen: Orduan jokalariak zirenek azaldu zigutenez, "beste filosofia bat genuen, lehiatu baino errugbian jokatu eta ondo pasatzen genuen. Eta kirola maitatzen ikasi genuen, jokatzen genuenon arteko adiskidetasuna bultzatu..." "Galtzaile onak izan gara, baina hirugarren denbora beti zen gurea” diote.
Gainera, Aste Santuan kanpora bidaiak egiten zituzten, eta hainbat lekutan izan ziren elkarrekin, Holanda eta Alemanian, Eskozia eta Ingalaterran, Irlandan, Italian edo Ipar Euskal Herrian askotan. Bidaia hauei esker 25 urte ondoren harremanari eutsi diote, errugbiak lotzen ditu. Eskoziako 2007ko mundialean izan zirenean piztu zen berriro errugbia herrian bultzatzeko asmoa: "guk aukera eduki genuen bezala zergatik ez diegu haur eta gaztetxoei errugbian aritzeko aukera eskainiko?" •