Euskal jantzi tradizionalen nondik-norakoak

Txintxarri 2009ko abe. 21a, 01:00

Azken urte hauetan nabarmen aldatu dira euskal jantzi trandizionaltzat genituenak. Ohiko traje ilunak, tantodunak eta beltza edo urdinak erabiltzeaz, kolore anitzekoak, alaiak eta biziagoak erabiltzera egin dugu salto. Baina badakizu nondik datorren gabonetan, eta jai garrantzitsuenetan baserritarrez janzteko dagoen ohitura? Egun gainera garrantzia gehien jantziari ematen diogu, baina ba al dikizue atondurak ere berea dutela?

Gaur goizean, esnatu eta euskal jantzi tradizionala jarri dugu soinean. Santo Tomas eguna dugu, txistorraren, sagardoaren, taloaren... eguna! Eta nola ez ba, garai bateko euskal jantziekin gure gorputza atontzeko eguna. Agian batzuk gaur goizean traje berria estreinatuko zenuten, egun modan dauden koloredun horietakoa, aproposa baita gaurko eguna jantzia estreinatzeko! Orain dela hamar urteko traje ilun haiek gero eta gutxiago ikusten dira. Modak agintzen duenean gertatzen den bezala, koloretsuak diren euskal jantziak daude merkatuaren gailurrean. Gauzak honela, Ane Albisu folklore ikertzailearen lana azalduko dugu jarraian.

Euskal Herrian jantzi tradizionalaren esparruan, eraldatze prozesu ikaragarria gertatu da. Egun jantziari ematen diogu garrantzia gehien, ikusgarri egoteari, baina izatez, jantziari berari baino, janzteari, prestatzeari eta atontzeari eman beharko genioke garrantzia gehiago, eta nesken kasua zapiari.
Jantzi tradizionalak berreskuratzean antzinara begiratu eta orduko ereduak jarraitu behar dira, kalitatezko materialekin eginak, linoa, haria, zeta, etab. Gehiegikeriak edota ñabardurak, koloreen eta formen erabilera txarrak, ezinbestean mozorro bihur baitezake gure jantzia.
Baserritar jantzia gure kulturaren ordezkaria, adierazlea izan da urte askotan. Jantzien benetako eraldaketa XIX. mendetik aurrera eman zen, garaiko industrializazioa eta karlistadak eraginda.
Tradizioen galera ekarriko zuela zirudien. Horri erantzuteko, abertzaletasuna sortu zen. Eta, era berean, baserritarrez janztea gure tradizioen adierazle nagusietako bihurtu zen.

Modaren indarra

XIX. mendean janzkera zibila ez zuen jantzi zehatz batek osatzen, gerora baserritar jantziarekin gertatu zen moduan.
XX. mendearen hasieran, janzkera zibila, tradizioko jantziek osaturikoa, erromerietan erabiltzen hasi ziren. Momentu horretatik aurrera baserritar jantzia eta moda jantziak elkar bizi ziren.
Modako jantziek indar hartu, eta nekazari giroan ere hedatu ziren.
Era honetara, mende honen hasieran, adineko jendeak baino ez zion eusten baserritar janzkerari. Gainerakoek, erromerietan eta jaietan erabiltzen zituzten bakarrik, ospakizunen ikur bilakatuz.
Bi jantzi nagusitu ziren harez geroztik, baserritar jantzia eta dantzarako jantzia. Azken honetan, gizonak jantzi zuria eta gerriko eta txapel gorria erabiltzen zituzten. Emakumeek aldiz, Atlantiko osoan oso hedatuta zegoen gona gorria eramaten zuten.

Gonak, hitzen partez

1936. urtean Espainiako guda hasi zenean, euskal ohitura eta tradizioei atxikitako guztiak debekua jaso zuen. Janzkerekin eta jantziekin, aldiz, ez zen horrelakorik gertatu.
Dantza taldeek zerikusi handia izan zuten honetan, trabak traba, ikuskizunei eustea lortu zutelako.
Frankok guda irabazi eta diktadura ezarri zenean, debekuei eutsi zien, baina jantziekin ez zuen hain zorrotz jokatu. Jantzien bitartez beraz, jendeak hitzen bidez adierazi ezin zuena helarazteko erabili zuen.

90ko hamarkada

Aurreko hamarkadan, ordura arte ikusi ez ziren jantzi askok argi ikusi zuten berriro ere.
Ohiko jantzi ilun eta tantodunak gure aiton-amonengandik hartuak, alde batera utzi eta traje berriak koloretsuak, tradizionalak eta aintzinako garaian erabilitakoak balira bezala saltzen hasi ziren.
Izan ere, euskal jantzi tradizionak bat egitea ez da nolanahiko kontua, ikerketa lan handia eskatzen baitu.
Hala ere, bada gara bateko jantziak berritzen dabiltzan pertsonak eta lan handia egiten ari dira.

Egoki jantzi

Jantzi egokia izatea bezain garrantzitsua da behar bezala janztea.
Baserritar jantzia abarkekin eraman beharrean kiroletako oinetakoekin eramatea gaur egun oso hedatua dago.
Osagaiek ere garrantzia dute eta galtzeko zorian egon dira batzuk.
Emakumeen kasuan, jantziaren osagarri garrantzitsuenetakoa eta galtzekotan egon dena, buruko zapia da.
Aztertzaile askok diotenez, "euskal jantziaren garrantzia burutik hasten da, buruko zapia eta txapela oso garrantzitsuak dira Euskal Herrian."
Buruan eramaten duguna tradiziozko jantzietatik mantendu da, eta horretan jarraitu behar da.

Zapiaren garrantzia

Lehen modu ezberdinetan orrazten ziren emakumeak eta zapia buruan modu ezberdinetara jartzen zuten, zeramaten orrazkeraren arabera, mototsa edo txirikorda.
Gainera, emakumearen egoera zibila ezagutu zitekeen, zeramaten zapiaren koloreagatik. Kolore zuria, ezkonduek eramaten zuten eta ezkongabeek estanpatua edo koloreetakoa.
Era egokia egokian nola jartzen den ikasteko, ez galdu prestatu dizuegun taula. Pausoz pauso, burua ondo atontzeko argibideak dituzue.

Jantzi ikastaroa

Gauzak honela, azarotik hona, gure herrian lan eta lan ibili da emakume talde bat. Dendara joan eta jantzia hautatu beharrean, haiek bere jantzia edo familiako kide batena egitea erabaki dute.
Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako jantzi ikastaroaren ikasleak ditugu horiek eta Jone Artola jostunaren laguntzaz, emakume, gizonezko, zein haurrentzako jantzi tradizionalak egin dituzte.
Oihalak eta hariak astean bitan bete dute Erribera kaleko lokala. Bertan, gonak, azpiko gonak, blusak, zapiak eta mantalak egin dira, hainbat teknika erabiliz, bainika, joztugintza eta ehoziriak.
Guztiek lan ederra egin dute eta makinek erritmo azkarra izan dute guztia egun hauetarako prest izateko. Horren adibideetako bat ondoan dugun argazkia dugu.
Era honetara, jantzi hauek kalean ikusi ahalko ditugu gaur edo Eguberrietako egun hauetan.