Bego Bergarak adierazi digunez lan asko egiten du Andrés Morenok Nikaraguako Granada hiri inguruan diren mendialdeko herrixka behartsuet an, "buru belarri aritzen da erabat modu altruistan, ezeren truke alegia. Granada hirian bizi da bera eta mendialdean dira hainbeste behar dituzten komunitate hauek".
Managua hiriburutik hegoaldera 40 bat kilometrora dago, Granada, eta hiriburuaren ondoren hiririk garrantzitsuena da, daukan historiarengatik batetik eta bestalde, hurbil zenbait paraje eder dituelako, esaterako, Sultan sumendia, Cocivolca lakua edo Pazifikoko hondartza ederrenetarikoak, hauek 50 kilometro ingurura. 191.000 biztanle dituen Granada, Nikaragua osoko hiririk zaharrenetarikoa, bi egunetan ikusi zuten.
Argi dute Begoña eta bere lagunek urtero Lasarte-Oriatik bidaltzen dituzten diruak ondo erabilita daudela. "Ikusi dugu Morenok nola egiten duen lan, arazoak psikikoak dituzten umeak zaintzen ditu, herrixka horietan ez dute dirurik ezta medikuarengana eramateko ere, eta bera arduratzen da; Managua hiriburura eramaten ditu autobusez. Yankee, Las Quebradas, Mancotal eta Sisle Komunitateetako Minusbaliotasuna duten Haurren Elkarteko ordezkaria da Moreno. Hamaika urte daramatza lan horretan. Umeek sarri ez daukate eskolara joateko mediorik ere" kontatu digu Bergarak.
Oporretara joan ziren Costa Rica eta Nikaraguara, Turismo apur bat egin zuten, batetik bestera ibili ziren autobusez, guztira hilabete, baina eurengan eragin eta zirrara handiena herrixka behartsuetan pasa zituzten bi egun horietan sentitu zuten. Mancotal eta Sisle izeneko herrixkatan izan ziren haurrentzat antolatu zuten jaialdi batean.
Emakumeei babesa
Bestalde, hurrengo egunean bortxatutako nesken harrera etxe batean izan ziren beste kokaleku edo kanpamentu batean. Morenok eraiki du batere babesik gabe izaten diren emakume hauei laguntzeko. Han bi egunetan ikusi eta bizitakoak "lur jota" utzi zuela aitortu digu Bego Bergarak.
Oñatiko hiru neska, erizaintzako ikasleak, ere han ziren laguntza ematera joanda. Umeetako batzuk hainbat urte etxetik atera gabe edukitakoak ziren eta benetan laguntza behar zuten. "Ezkutatuta eta jaramonik egin gabe eduki zituzten hainbat urtean, garbiketa eta eguneroko beharren baldintza oso kaxkarretan. Hiru neska horien helburua hangoak prestatzea zen gero gaixo horiei laguntzeko. Ni lur jota geratu nintzen".
Haurrentzako festa egun osokoa izan zen goizean hasi eta gauera arte. Umeentzat antolatzen dituzte tarteka, ipuin, pailazo eta abarrekin, animazio apur bat behar izaten baitute ume horiek: "askok euren gurasoei laguntzeko lana egiten dute eta ez dira eskolara ere jaisten. Nola jaitsiko dira? Ume batzuek hainbat kilometro egiten dituzte oinez edo zaldiz festa hauetara joateko. Down sindromea duen ume batek bi ordu eta erdi egin zituen zaldi gainean mendiz mendi festara iristeko eta ondoren buelta. Guk Granadatik pare bat ordu behar izan genituen autoz iristeko".
Oro har, behar asko dute, ez dute ezer askorik, erreka bazterretan eraikitzen dituzte askok etxeak, ura bertan daukatelako eta gero haize eta euri ekaitzak iristean dena eramaten diete.
Hilaren 24an kantari
Bego Bergarak lana egingo du abenduaren 24an baina ikusitakoak ikusita bere lagunak aurten oraindik indartsuago aterako direla aitortu digu berak. Urtero bezala, jaiotza eta maindirea hartu eta Nikaraguara bidaltzeko dirua batzeko gabon kantak abestuko dituzte kalez kale.
Aurreko urteetan 600 eurotik gora jaso dituzte, Alejandro Romok, Morenori bidaltzeko. Romo berak egindako jaiotza dotorea eramaten dute.
Aurten zortzigarren urtez aterako dira, gutxi gorabehera 30 bat lagun. 2002an hasi ziren txikitako oroitzapenek bultzatuta. Kaxkoan kantatuko dute, baina zaharren etxera joan-etorria egingo dute kantari zahar eta gazteek. Lehen urtetan aurrez abestiak prestatzeko elkartzen ziren, baina abesti berak kantatzen dituztenez jada ez. Honez gero ikasita dituzte gabon kantak, beraz asko prestatu gabe, baserritarrez jantzi eta 10:00 eta 14:00 artean kantatzera aterako dira.
Andres Moreno 1986an joan zen Madriletik Nikaraguara, berez hilabeterako, baina bertan geratu zen. Jinotega ingurukoak dira bere emazte eta seme alabak eta han izan zen gerra garaian. Gerora atera beharra izan zuten baina 1998an itzuli ziren Mitch urakanaren eraginen ondorioz. Valladolidekoa da jaiotzez, baina Madrilen bizi zen, hemendik brigada batekin Nikaraguara abiatu eta herrialdeaz zein bertako jendeaz maitemindu zen arte.
Dena den, erreta eta nekatuta dago Moreno laguntza gutxi jasotzen duelako: aurrera egin nahi du baina zailtasun asko ditu eta Nikaraguako Gobernutik ez diote nahi beste laguntzen. Nikaraguara 1986an iritsi bazen ere 1998tik ari da lanean Yankee, Las Quebradas, Mancotal eta Sisleko komunitateetan. Nekazarientzat etxeak eta batez ere eskolak eraikitzea zen orduan helburua. Morenok lasarte-oriarrei kontatu zienez, "nekazariek eurek eraiki zituzten bertako materialekin guk lagunduta. Esaterako Yankee-2 herrixkan 85 umeentzat irakasle bakarra zegoen eta klaseak arbola baten azpian ematen zituen. Pabiloi handi bat sortu genuen eta bertan ematen ziren klaseak Estatuak eskola eraiki zuen bitartean. Ondoren beste 5 ikasgela eraiki genituen ondoko Quebradas eta Yankee1 herrixkatan".
Andres Morenok kontatu zien arazo eta zailtasun asko dituztela eta denei erantzuten saiatu direla. "Esaterako udan edateko erabiltzen zuten ura putzuetakoa zen eta iturriko ura izateko zuloak egin ziren, bonbak jarri,... baina arazorik larriena atzerapen-en bat zuten haurren egoera zen. Zuhaitzen adarrekin egindako ohatila batzuetan pasatzen zuten eguna, etzanda, garbitasun baldintza txarretan eta eguzki argirik ikusi gabe. Plastiko beltzarekin egindako etxeetako zuloetatik sartzen ziren ikusten zituzten argi izpi bakarrak. Orduan hasi ziren atzerapenen bat zuten haurrekin lanean. Egitasmoaren barruan sartzen ziren medikuengana bisitak, botiken erabilera, formakuntza tailerrak, elikadura eta abar".
Andres Morenoren iritziz, "arazo honekin batera, nekazaritzan erabiltzen dituzten pozoien, kultur atzerapenaren, haurrenganako utzikeria edota gerraren arrastoen ondorio, emakume eta haurren aurkako gehiegikeria sexualak kezkatzen zituzten gehiena". Morenok egindako lanari esker, gaur egun herrixka hauetan gehiegikerien aurkako batzordea dute, batez ere biktimei lagundu eta babesa emateko: Salaketak egiteko laguntza eta laguntza psikologikoa ematen da, eta baita astakeria horiek gertatzen diren etxeetatik atera ahal izateko laguntza zuzena ere.