Pinuaren azpian Olentzerok aurten eskatutako opariak jarriko dizkigu, hori bai, izan dugun portaera ona edo txarraren arabera, gehiago edo gutxiago.
Jostailu, jolas, liburuen merkatua gero eta zabalagoa, zer oparitu? Zer eskatu? Gero eta zailagoa da!
Euskarazko produktuak ere bere lekua aurkitu dute merkatu zabal eta konpetitibo honetan. Aisialdira, hezkuntzara bideratutako jolasak, aurten ere euskaraz lortzeko aukera dugu Euskarazko produktuen katalogoari esker.
Euskara ez da soilik hezkuntzarekin lotu behar, ondo pasatzeko aukera ere eskaintzen digu eta.
Ibilbidea
Duela 12 urte, Nafarroako udal gutxi batzuek eman zioten hasiera Euskarazko produktuen Katalogoaren ekimenari.
Harez geroztik, asko hazi da, eta momentuan, 135 toki-entitate, 200 udaletik gora osatzen dute.
Honela, katalogoa bultzatzen duten udalerriek bat egin eta Euskal Herrian XII. edizioa duen katalogo honek 240.000 aleko tirada osatu du, "etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten nahi dugu".
Eskaintza zabala
Filmak, jostailuak eta jokoak, musika, komikiak, aldizkariak, liburuak, gurasoentzako materiala, informatika...
“Euskarazko produktuak erdararen itsasoan nabarmendu behar dira, eta egon badagoen hori erdarazko produktuen itzaletik argitara ekarri,” adierazi dute katalogoaren ardunadunek.
Paperezko katalogoaz gain, aurten argitaletxeek eskaintzen dituzten produktu guztien erreferentziak www.katalogoa.org web gunean ere bisitatu daitezke.
Bertan, produktuaren edo adinaren arabera banatuak daude eta produktuen prezioa eta ezaugarri gehiago ere ezagutu daitezke. Azken finean, ekimenaren arduradunek katalogo hau gurasoentzako lagungarri gertatzea nahi dute.
Produktu ugari Euskarazko produktuen katalogoan aurkitu daitezkenak. Beraz, katalogoko oparirik ez egiteko, aitzakiarik ez dago. Hezi euskaraz eta gozatu euskaraz!