Ekialde Urruneko erregeak gaur Lasarte-Orian

Txintxarri 2010eko urtarrilaren 5a

Errege egun bezpera dugu gaurko, egun berezia etxeko txikientzat izan ere Ekialde Urruneko erregeei eskutitza emateko azken aukera izango baitute arratsaldean.
Hala ere, Erregeek eta bere laguntzaileek hainbat eginbehar izango dituzte Lasarte-Orian egun honetan.
Eguerdi aldera, Erregeek Atsobakarreko zaharren egoitza bisitatuko dute eta bertakoei opariak banatuko dizkiete. Bestalde, laguntzaileak Sagardotegi kalean egongo dira haurren eskutitzak bildu eta gozokiak banatzen.

Errege Kabalgata

Arratsaldean, berriz, Erregeen ohiko kabalgataz gozatu ahalko da 18:00etatik aurrera. Erregeek, hauen laguntzaileek eta zuzi-eramaileak Oria auzotik atera, Zirkuitu Ibilbidetik eta Kale Nagusitik barrena Andatza plazara egingo dute.
Baina ohitura denez, Brigitarretan geratuko dira Xabier Andonegi parrokoak bedeinkapena eman eta komentuko mojak agurtzeko.
Andatzara iristean, Erregeek haurrak agurtu, eskutitzak hartu eta hauen nahiak entzungo dituzte.
Beraz, opariak nahi baldin badituzue badakizue gauean ohera txintxo-txintxo joan. Bihar goizean ziurrenik ezusteko bat baino gehiago egongo da herriko hainbat etxeetan.