05 Xirimiriari eta hotzari aurre eginez, Erregeak Lasarte-Oriara iritsi ziren

Txintxarri 2010eko urtarrilaren 5a

Hogei minutuko atzerapenarekin baina, suzirien hotsak Erregeen etorreraren berri eman zuten Lasarte-Orian.
Haurren pozarako Ekialde Urruneko Erregeak herriko kaleetan barrena ibili ziren Oriatik Andatza plazara. Ibilbide osoan zehar haur, gaztetxo eta helduek kabaldata jarraitu zuten.
Erregeek geldialdi bakarra egin zuten bere ibilbidean zehar, Brigitarren komentuan. Jaiotzeko Jesus haurtxoa gurtu zuten hiru errege magoek, opariak emanaz. Eta ostean, komentura sartu eta mojekin solasaldia izan zuten.
Andatza plazara iristean, hitz batzuk esan eta haurren eskutitzak eta nahiak entzun zituzten Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek.

Goizean, Atsobakarren

Baina haurrek ez ezik, Atsobakar egoitzeko lagunek ere hiru Errege Magoak ikusteko aukera izan zuten goizean.
Lehenengo urtea da, Ekialde Urruneko magoek eguerdian bisita hau egiten dutena. Bertakoak agurtu eta ilusio handiz hartu zituzten guztiek opariak erregeen eskuetatik.
Laguntzaileak, berriz, Sagardotegi kalean haurren eskutitzak bildu zituzten.