Antonio Mercero Yarza herritarrari omenaldia

Txintxarri 2010eko urtarrilaren 7a

Igandean ehun urte dira, Antonio Mercero Yarza herriko musikaria jaio zenetik. Data seinalatu hori ospatzeko, bihar Brigitarren komentuan 19:30ean kontzertu berezia eskainiko dute, Ainhoa Mercero sopranoa, Alberto Sáez Puente pianojoleak eta Estibalitz Aldekoa arpajoleak.
Berezia, batetik partehartzaileetako bat, Ainhoa Mercero sopranoa, Mercero beraren biloba delako eta, bestetik, kontzertuko lehenengo zatian musikari lasarteoriatarraren abesti eta konponketak entzuteko aukera egongo delako.
Bigarren zatian, konposatzaile handien, Haendel, Mozart, Fauré, Puccini edo Guridiren lanak eskainiko dituzte.

Bere bizitza

Antonio Mercero Yarza 1910eko urtarrilaren 10ean jaio zen Lasarten. Polifazetikoa, garaiko gizona eta baita garaiko aurkezpen artistiko eta kulturaletan interesatua. Gerratea eta bere kartzelaratzea momentu latzak izan zituen, baina lanaz eta duintasunaz gainditu zituen.
1943an Lasarteko San Pedro parrokiko organujole arduradun izendatua izan zen, bertako koruarekin lan handia eginez. 1955ean “Nuestra señora del Consuelo” korua sortu eta bertako zuzendari bihurtu zen. Bost urtez arrakasta handia lortu zuen bere lanean, besteak beste, Tolosako koruen lehiaketan zenbait alditan garaipena eskuratuz.
Eliz-musika ugari konposatu eta moldatu zuen Mercerok. Hauetariko batzuk, Zurekin ama, Maiatzeko Lorea, Zuretza gure bihotza, Sokorroko amari, Jesus gure Jainkoa eta A Santa Teresita ditugu. Azken hauek, ostiraleko omenaldian entzuteko aukera izan zuten bertaratutako guztiak.
Musika izan zen Antonio Merceroren bizitza, honen babes eta hedapenerako lan altruista eta eskuzabala eginez.
1973ko maiatzaren 13an utzi zigun Mercero, baina bere musika gurekin dirau, eta horren adibidea ostiraleko kontzertua.