Oposizioan dauden alderdiak Batzarreko puntu hau geldiaraztea eskatu arren, hobeto aztertzeko nahiarekin, azkenean, PSE-EE 8 botoei esker onartua izan zen. EAJ (2), LOHP (1), Ezker Abertzaleak (3) eta Jexux Izetak aurka bozkatu eta EB abstentziora jo zuen.
Puntu honek Babes Ofizialeko 100 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko du eta , era berean, salgai egongo diren 350 garaje eta merkatal gune bat.
"Guk etxebizitzak eraikitzearen alde gaude. Aurka bozkatu dugu, txostenetan helarazten zaizkigun informazioak kontrakoak direlako. Zuen artean adostasun minimoa izan dezazuten eskatzen dizuegu Batzarrera etorri baino lehen" adierazi zuen ezker abertzaleko bozeramaileak.
Irregulartasunak
Oposizioak ikuskatzaileak egindako informe bat aipatu zuen Batzarrean. Honen arabera, Murias enpresak zituen arazo ekonomikoak zirela eta, lehiaketako oinarriak ezartzen zituen epeak ez betetzera eraman zuen.
Hau horrela, egospen lehiaketa publikorako deialdi berria egitea proposatu zuen oposizioak.
Era berean, udalak egindako beste informe baten arabera, eskaintzaren baldintzetan egondako arazo baten ondorioz, Muriasek ezin izan ziola obrei ekin aditzera ematen da. Baita jada zehazgabetasunak zuzenduta daudela eta dena martxan jartzeko prest dagoela ere.
Lasarte-Oriako herritarren plataformako bozeramailea den Ana Prietok, Udalaren jarrera kritikatu zuen, "zergatik hainbesteko presa puntu hau onartzeko, urte betez alboratuta egon denean? Zergatik, justu teknikariak oporretan daudenean?"
Galdera honi zorrotz erantzun zion Ana Urchueguía alkateak, "hirigintza departamentuak eta idazkari orokorrak egindako informeek Muriasek epeak ondo bete dituela berresten dituzte."
Gogor defendatu zuen ere bere taldeak hartutako jarrera "ikuskatzaileak egoera finantzarioari buruz informatzera mugatu beharra zuen" gaineratuz.
Industrialdea
Udal-Batzar honetan, A-7 Michelin 2 HIEan Plangintzako arau subsidiarioen hasierako aldaketa egitea ere onartu zen.
Honek, Buruntzaldeko Industrialdeako zati izango den Lasarte-Oriako eremua eratzea ahalbidetuko du Michelingo biltegiaren zonaldean, futbol zelaiaren ondoan.
Bertan, pabiloi industrial eta bulegoak eraikiko dira eta "200 lan postu berri sortzea aurreikusten da" aipatu zuen Udalak.
Europar Batasuna
Honetaz gain, PSEE-EE Udal taldeak, Espainiaren 2010ko Europar Batasuneko presidentziari buruzko mozioa aurkeztu eta onartu zen.
Era honetara, europear bandera ezarri dute Udal-Batzar aretoan Ikurriña, Lasarte-Oria eta Espainiako banderekin batera.
Halaber, maiatzaren 9an Europa Eguna ospatuko da herrian ekintzaren bat antolatuz.
Eta azkenik, Espainiako Udalerri eta Probintzien federazioari abenduaren 29an hartutako akordio honen berri ematea onartu zen.