ETAk hildakoak gogoratuko dira otsailaren 15ean

Txintxarri 2010eko urtarrilaren 11

Abenduaren 30ean burututako plenoan PSOE alderdi politikoak aurkeztu zuen mozioak ETAk eragindako biktimak instituzionalki errekonozitzea, eta biktimei zein euren senide eta gertuko pertsonei elkartasuna erakustea zuen helburu.
Otsailaren 15an, eta Lasarte-Oriako udaletxea eratu zeneko 24 urte beteko direla aprobetxatuz, Udalak ekitaldi bat egingo du "Terrorismoaren biktimei" izenpean, oroitzapen plaka bat jartzeko. "Euren sufrimendua aitortzea, biktimek izan duten arreta falta eta askatasunen defentsan izan duten paper garrantzitsua" aditzera ematea da udal gobernuaren asmoa.
PSOE, LOHP eta PPren botoei esker aurrera atera zen proposamena. Bestalde, EBko Ricardo Ortegak eta Jexux Izetak abstentzioaren bidea hartu zuten.

Testu eskasa

Bi politikari hauen ustez, testuak osatuagoa behar zuen. "Nire ustez iniziatiba positiboa bada ere, ez ditu biktima guztiak islatzen" adierazi zuen Ortegak.
"Ezin dira diktadurak eta faxismoak eragindako biktimak ahantzi, are eta gehiago trantzisio garaian hartutako neurriak direla medio hiltzaileak kalean daudenean" gaineratu zuen.
"Abstenitu egingo naiz errekonozimenduaren apartaduan GALen biktimak, zein diktaduran eta guda zibilean heriotza aurkitu zuten hainbat biktima kanpo geratzen direlako" adierazi zuen Izetak.

Askatasun Parkea

PSOEren proposamen honen hirugarren puntuan onartu zenez, Okendoko PERIan sortzen den parke berriari, hau da, Brigidatarren baratzak zirenetan kokatuta egongo den parkeari, terrorismoaren biktimak gogoratzeko Askatasun Parkea izena jarriko zaio.
"Terrorismoaren biktimekiko errespetu gisa, parke enblematikoa izango delakoan, oso izen egokia iruditu zaigu Askatsun Parkea" gaineratu zuen Iñaki Mugica, PSE-EE alderdiaren Udal Taldeko bozeramaileak.