Urteroko hitzordua ahaztu gabe, Lasarte-Oriara etorri zen Olentzero

Txintxarri 2010eko urtarrilaren 11

Urtero legez, Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, Olentzerori ongi etorria emateko ekitaldia ospatu zen abenduaren 24an Kiroldegi ondoko frontoi berrian.
Eskerrak frontoian genuela hitzarmena Olentzerorekin, euri zaparrada ederrak bota zituen eta!
Olentzero herrian zegoen eta hori nabaria zen gaztetxoen aurpegiak islatzen zuten urduritasunari erreparatuta.

Olentzeroren bila

Kalejiran eta jaigiroan ikusi genituen herritar ugari Amalur eskolako trikitilarien atzetik. Lasarte-Oriako erdigunea dantzan igaro eta frontoi berrira iritsi arte jarraitu zuten. Bertan ere, musika protagonista.
Baina bat-batean, Porrotx azaldu zen Olentzeroren hiru lagunekin. Esperimentuak, magia... denetik eskaini zuen laukoteak eta umeak pozik ikusi genituen Olentzeroren zain.
Olentzero herrira iritsi zela abisatu eta Xixuko bere bila joan zen. Frontoirako bidea ilun zegoenez, haur batzuk argitu zioten ibilbidea Olentzerori.

Eskutitza truke, gozokia

Aurreko urtean jarritako hitzordua ahantzi gabe, hortxe genuen gure eskutitzak jasotzeko prest Olentzero.
Zoriontsu zegoen Olentzero muxuak eta patxintxiak banatzen Xixukoren laguntzarekin. Zintzoak izandakoak, ziurrenik eskatutakoa jasoko zuten.
Gainontzekoek datorren urterarte itxaron behar!