Inbertsio orokorra 747.210 eurokoa da eta lanak aurrera eramango dituen enpresa esleipenduna Miguel Imaz S.A. izan da. Lanak abenduaren 23an hasi ziren lau ikastetxeetan eta apirilean amaituko dira.
Ikerketa eta lanak
Instalazio ezberdinek zituzten beharren ikerketa egin zuen Udalak eta horrek eman ditu eraberritze orokor baterako gida-lerroak.
Landaberriko ikastolan komunak berrituko dituzte eta gimnasioko zoladura aldatuko dute intsonorizatuko duen parket flotatzailea jartzeko.
Lanen barne dago baita ere frontoiaren estalkia eta fatxada konpontzea, jolastokian itxiera berria jartzea edo bideak asfaltatzea.
Garaikoetxeako eraikinari dagokionez, jolastokiko oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte, segurtasunezko lurzoru berriak jarri eta berokuntzan eta baita drainatzeetan ere hobekuntza lanak izango dira.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Sasoetako eraikinaren zenbait estalki berrituko dira, zoladura jartzeko lanak egingo dira, arotzeriako obrak fatxadan, oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte eta jolastokian segurtasunezko lurzoruak eta haurrentzako jolasak jarriko dituzte, besteak beste.
Azkenik, Zumaburuko egoitzan jolastokia jostailuz hornitzea, komunetako berrikuntzak, leihoetako mentsulen berrikuntza edo EPA kokatzen den hirugarren solairuko intsonorizazioa dira Udalak aurrera eramango dituen lanak. •