Antonio Mercero Yarza, musikaren bidez gogoan

Txintxarri 2010eko urtarrilaren 11

Igandean ehun urte dira, Antonio Mercero Yarza herriko musikaria jaio zenetik.
Data seinalatu hori ospatzeko, ostiralean Brigitarren komentuan kontzertu berezia eskaini zuten, Ainhoa Mercero sopranoak, Alberto Sáez Puente pianojoleak eta Estibalitz Aldekoa arpajoleak.
Berezia, batetik partehartzaileetako bat, Ainhoa Mercero sopranoa, Mercero beraren biloba delako eta, bestetik, kontzertuko lehenengo zatian 1973an zendu zen musikari lasarteoriatarraren abesti eta konponketak entzun zirelako, hala nola, Zurekin ama, Sokorroko amari, Jesus gure Jainkoa edo A Santa Teresita.
Bigarren zatian, berriz, konposatzaile handien, Haendel, Mozart, Fauré, Puccini edo Guridiren lanak eskaini zituen hirukoteak.
Amaieran, komentura hurbildu ziren herritarrek txalo zaparrada batez adierazi zuten bere esker ona.