Konpromiso-akta sinatu baino lehen batzar aretoan zeuden gaztetxoek Arantza Etxarri, Jaurlaritzako ordezkariaren hitzak adi entzun zituzten. “Ura gai duen proiektuan lanean zaudete dagoeneko. Oraingoz sentsibilizazio lana egin duzue ikastoletan. Orain Udalera gatoz, alkateak bere oniritzia eman eta konpromiso aktak sinatzera,” azaldu zuen.
“Asko pozten gara ikasle eta Udal berriak proiektua sartzen direnean. Horrek, ingurumenaren alde jende gehiago ari garela esan nahi baitu. Tanta bakoitzak putzua egiten duela badakizue,” gaineratu zuen.
Eskola Agenda 21
Ikasleak ikastetxearen eta udalerriaren ingurumen-kalitatean eragina duten arazoetan parte hartzea, erabakiak hartzea eta inplikatzen ohitzea helburu duen programa da Eskola Agenda 21.
Hitzarmen hau sinatuta Euskadiko gazteek eta haurrek bere hiriari eta garapen jasangarriari buruzko gauzak esateko eta ekarpenak egiteko dituztela onartzen da.
Eginkizunak
Askotarikoak dira akta izenpetzen duten agente ezberdinek hartzen dituzten konpromisoak.
Ikastetxeek, Eskola Agenda 21 programaren proiektua lantzeko eta, curriculum- eta hezkuntza-proiektuetan barne hartuta abiarazteko konpromisoa hartzen dute.
Era honetara, ingurumen-batzordeak eratuko dituzte eta garapen-prozesua bultzatu eta lortutako emaitzak ebaluatuko dituzte.
Lasarte-Oriako Udalari dagokionez, Tokiko Agenda 21 programaren zatitzat hartuko dute Eskola Agenda 21.
Honetaz gain, eskolako partaidetza-foro bat ezarri eta sustatuko du, hiri-ingurumena aztertzeko eta ikastetxeen proposamenak jasotzeko.
Gainera, kanpoko aholkularitza baten edo laguntza-enpresa baten bitartez, proposamenei erantzun eta ikastetxeei lagunduko diete.
Aurretik aipatutako guztian laguntzeko, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren konpromiso eta laguntza izango da.
Honek aholkularitza didaktikoa ziurtatuko du Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegiaren bidez. Era berean, parte hartzen duten irakasleen prestakuntzaz eta ikasmaterialen eskaintzaz arduratuko da.
Diru-laguntzak ere eskainiko ditu ikastetxeentzako urteroko deialdien bitartez eta Udalarekin sinatu beharreko hitzarmenen bidez.
Azkenik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bermatuko du Garapen Jasangarrirako Hezkuntza lehentasunezko programatzat tratatzea.
Horretarako, irakasleen laneko esparrua eta ordutegia Eskola Agenda 21 programaren koordinazio- eta berrikuntza-eskakizunetara egokitzeko bidea emango du.