14 Udal-batzarra bertan behera geratu zen

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 14a

Atzo burutu zen Udal Batzarrean gai nagusia talde sozialistaren proposamena izan zen, Kooperaziorako laguntzak ikertzeko batzorde bereziaren xedea aldatu eta abenduaren 15ean udalbatzarrean erabakitako gainerako puntuak berresteko.
Baina honen aurretik, EAJ, Hamaikabat, Ezker Abertzalea, EB eta LOHP-k mozio alternatiboa aurkeztu zuten. “Abenduaren 15ean aurkeztutako mozioa da, baina aldaketa batzuekin,” aipatu zuen Estitxu Alkortak.
Honetan, Somotoko dirulaguntzak ikertzeko Batzordea eratzea eta honek 6 hilabete irautea eskatzen zuten. Eta, era berean, Batzordeak jarraitu beharreko lan egitasmoa finkatzen zuen. PSOE eta PPren bozkek atzera bota zuten proposamen hau.
LOHP-ko ordezkariak, Ana Isabel Prietok “Somotora bideratu diren dirulaguntzak ez dira era egokian banatu” adierazi zuen eta batzordeari lan egiten uzteko eskatu zion Udal Gobernuari.

Ez zen aurrera atera

Ondoren, PSOEk bere mozioa azaldu zuen. Abenduaren 15ean aurkeztu ez zuen mozioa zen hau eta, honen bidez, Kooperazioko Batzorde berezia Udalak ematen dituen era guztietako diru laguntzen Jarraipen Batzordea izatea proposatzen zuen.
Mozioa ez zen onartu oposizio osoak aurka bozkatu baitzuen. Oposizioko taldeek adierazi zutenez aurpegia garbitzeko era izan da, auditoria eta ikerketa atzeratzeko modua.
Herriko elkarteei eskainitako diru-laguntzak eta Somotora bidalitakoak ez alderatzeko ere eskatu zioten. “Tristea da, guzti honengatik, herriko taldeak kaltetuak izatea,” adierazi zuen Ezker Abertzaleko ordezkariak.
Eta horiek Batzar berezirik ez dutela behar ere gogoratu zuten, “paralizatuak dauden laguntzak ez dira herrikoak, kooperaziokoak dira,” azpimarratu zuen EAJko Estitxu Alkortak. Era berean, EBak laguntzen legea bete eta Lasarte-Oriak araudia egin dezala eskatu zuen.
PPko Jose Angel Encinasek gogoratu zuen ez dela hilabete pasa Batzorde berezia sortzeko eskatu zela eta zerikusi handirik ez duen mozioa aurkezten zuela PSOEk, honen xedea aldatzeko. “Kooperazioa da ikertu behar dena eta hori lehen bait lehen martxan jartzeko eskatzen dut,” adierazi zuen.
PSOEk oposizioko taldeen manipulazioa salatu zuen. Eta kooperazioko laguntzez gain, egun beste laguntza batzuk ere paralizatuak daudela aipatu zuen, “izan ere, 2003ko legea jarraitzeak kalte egingo die herriko taldeei.”
“Horregatik, gu prest gaude elkarte horiei laguntzeko, egunean nola egon edo laguntzak nola lortu ditzaketen aholkatuz,” gaineratu zuen Iñaki Mugika alkate ordeak.
Honen harira, idazkariak Batzar Berezian aurkeztutako idazkiak eta honen aldaketa ere izan ziren hizpide. Eztabaidaren ostean, puntu hori batzarrean aurrerago argitu behar zela adostu zuten.
Alkateak hitz hartu eta EAJko Estitxu Alkortari bitan arreta deitu ostean, Udal Batzarra bertan behera uztea erabaki zuen oraindik eztabaidatzeko puntuak geratzen ziren arren.

Prentsaurrekoak

PSOEk asteartean eskaini zuen prentsaurrekoan mozioa aurkeztearen zergatia azaldu zuen eta, era berean, 2003ko legea jarraituko dutela jakinarazi. “Ikuskatzailearen txostenean laguntza guztietan akatsak daudela esaten zen, oposizioak nahi zuen zatia irakurri zuen bestea alde batera utzita,” adierazi zuen Zaballosek.
“Arazo hori konpontzeko, legea jarraituko dugu eta teknikoek zorrotz egingo dute lan. Horrek laguntza batzuk ez ematea ekarriko badu ere” jakinarazi zuen Iñaki Mugikak.
Era berean, elkarteei laguntzeko ahalegin guztiak egingo dituztela ere jakinarazi zuten.
Bestalde, oposizioko talde batzuk, EAJ, Hamaikabat, Ezker Abertzalea, EB eta LOHPak prentsaurrekoa eskaini zuten.

Batzarraren ostean.

Honetan, PSOEk udalbatzarean egindako saiakera, abenduaren 15an hartutako erabakia atzera botatzearena, lotsagarritzat jo zuten taldeek. “Somotoko auzia ikertzeko batzordea bidean uzten saiatu dira, Udalak ematen dituen era guztietako diru laguntzen Jarraipen Batzorde bihurtuz,” adierazi zuten.
Eta Somotoko laguntzak ikertzen jarraituko dutela ere azpimarratu zuten, “Ez gara geldirik egongo. Eskuartean ditugun agiriak lerroz lerro aztertu beharko ditugu, eta txosten tekniko gehiago eskatu, azkenean egoki diren erabakiak hartzeko, eta Udal honetan egon daitezkeen erantzukizun tekniko eta politiko guztiak argitzeko.”
Alkatearen azalpena
Ana Urchueguia alkateak azaldu zuen Udalbatzarra bertan behera uzteko arrazoia, Alkorta zinegotziaren iritziek sortutako eteteak izan zirela. Hori argi utzi nahi izan zuen: “Azken batzarretan etengabe egiten dituen keinu eta txandaz kanpoko azalpenak” errespetu falta iruditzen zaizkio alkateari, izan ere, bere iritziz, “EAJko ordezkariak hitz egiten duenean errespetuz entzuten baitiogu”.