Kultura ez da errenta

pablo-barrio 2010eko urtarrilaren 15a

Urtea hasi eta zutabegintzan, hitzen igeltsugintzan nolabait esateko, hasi behar berriro. Lanean, azken batean. Hitzak eta gogoetak lanabestzat hartuta, baina lanean. Igeltsero baten moduan. Ez gehiago eta ez gutxiago. Zutabeak egiten. Beraz, buruko makineriari olioa eman eta martxan jarri berriro. Zertan aritzeko, baina? Tira, hurbilen dudan esparrutik hasiko dut urtea; kulturatik, alegia.
Gipuzkoako Aldundiak 2010. urterako onartutako aurrekontuetan beherakadarik handiena jasango duen departamendua Kultura eta Euskararena izango da, %24 gutxiago. Bestelako instituzioetan -udaletan eta abar- antzeko padezido. Dirudienez, gerrikoa estutzeko garaian, ez zementugintza, kulturgintza da lehenengo kaltetua. Ez da sorpresa, baina mingarria gertatzen zaigu batzuoi. Kulturak gure artean betetzen duen paperaren isla baino ez da, azken batean. Kultura aisialdiaren osagarri moduan ulertzen da, denbora-pasa moduan, ikuskizun moduan. Apaingarri moduan beste helburuetarako, turistak erakartzeko adibidez, hotelak betetzeko eta pintxoak saltzeko. Horra Donostiak Europako Kultur Hiribururako aurkeztutako kandidatura kasu. Merkatarien ikuspegia azkenerako: kultura errenta iturri gisa. Baina kultura ez da errenta. Kultura geure burua eta mundua ezagutzeko eta garatzeko tresna da. Geure mugak gainditu eta pertsona osoagoak izateko. Gizarte helduagoa.