Espainiako txapeldun bilakatzeko borrokan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 15a

Landaberriko BHIko ikasleak diren Maria Eugi, Saioa Olasagasti, Ane Galardi eta Patricia Prieto asteburu honetan Zaragozan jokatuko den Atletismoarekin jolasean txapelketaren lehenengo edizioan parte hartuko dute.
Abenduaren12an, Donostian jokatu zen Gipuzkoako ikastetxeen arteko sailkapen saioan lasarteoriatar gazte hauek izan ziren garaileak.
Oskar Goikoetxeak entrenatzaileak azaldu digunaren arabera, neska taldeak ez zuen sailkapena espero, puntuak lortu eta honi esker asteburu honetan, urtarrilaren 16 eta 17an Zaragozan antolatu den finalean egoteko aukera eskuratu zuten.
Orotara, taldekide bakoitzak bi proba egin beharko ditu; 50 metro, 50 metro hesi, luzera jauzia, 800 metro eta pisu jaurtiketaren artean aukeratuz.
Guztiak, taldekide moduan lehiatuta errelebo proba ere egin beharko dute.
Entrenatzaileak adierazi digunaren arabera, “gure asmoa ez da txapelketa irabaztea. Neska hauek lehiaketa zer den ikastea nahi dugu eta lehiatzeko beste era bat ezagutzea. Izan ere, Zaragozan haiek bakarrik egongo dira pistan, entrenatzaileak harmailetan egongo gara.”

Gipuzkoako txapelketa

Lehengo ostirala eta larunbatean, kadete, junior, jubenil eta beteranoen Gipuzkoako txapelketa burutu zen Anoetako belodromoan.
Bertan, LOKEko atletak egon ziren lehian eta horietako batzuk, domina ekarri zuten herrira.
Unai Imazek junior mailako 800 metroko lasterketan eta Irati Larrañagak jubenilen mailako altuera eta luzera jauzian urrezko domina eskuratu zuten.
Gaizka Ormazabalek junior mailako 400 metroko lasterketan eta Leire Amianok kadete mailako pertika proban, berriz, bigarren postua lortu zuten.
Bestalde, Antoniano taldean dabilen, Olatz Yaben herritarrak ere domina eskuratu zuen 600 metroetako lasterketan, urrezkoa.
Emaitza hauei esker, asteburu honetan Donostian eta Gasteizen jokatuko den Euskadiko txapelketan parte hartuko dute LOKEko atletek eta Olatz Yabenek.

Beste lehiaketak

Bestalde, Diario Vasco-ren babesa duen Txallengeko emaitzak argitaratu ziren eta Irati Larrañaga LOKEko atletak bederatzigarren postua eskuratu zuen jubenilen mailan.
Era berean, herriko atletek Eguberrietan antolatutako hainbat lastesterketan parte hartu dute.
Esate baterako, abenduaren 26an, Donostian burutu zen XXIX. Hondartzako Krosa, Miguel Uriarte oroigarria lasterketan, besteak beste, Pili Bodegas lasarteoriatarrak garaipena eskuratu zuen 4.000 metroak 15 minutu eta segundu bateko denborarekin.
Ostadarreko atletismo taldeak, berriz, Gasteizeko maratoi erdian parte hartu zuen, abenduaren 20an.
Eta urteari era osasuntsuan agur esatko, Donostiako San Silbestrean ere herritar ugarik parte hartu zuen. •