Txintxarrira bidalitako salaketa idatzian azaltzen denez, badakite, Zubieta, Añorga eta Ibaetako bizilagunek proiektuari 3,5eko nota jarri diotela eta Donostiako bataz bestekoa 7,1ekoa ateratzen bada, Donostian baina erraustegitik urrun bizi direnek eman diote nota ona eta gainera gehienak dira.
Gainera, Ezker Abertzalearen ustez, "inkestak hartutako laginaren tamaina ez da inondik inora gizartearen errepresentagarria eta beraz, gizarte osoari bertatik ateratzen dituzten ondorioak egoztea ez da zilegi, eta egiten dutenak manipulazio saiakeratan dabiltza".
Erraustegiaren sustatzaile eta babesleek egindako manipulazioaren beste adibide bat emandako informazioa da, salaketaren arabera: komunikabideetan behin eta berriro adierazten zuten informazio gehiago dutenak direla indar handiagoz erraustegiaren alde daudenak, baina artikuluetan informazio asko edukitzea "energia sortuko dela eta prozesuaren hondakinetako batzuk berrerabiliko direla" baieztatzera mugatzen zen.
Toxikotasuna
Eta hain juxtu Ezker Abertzaleak dio batetik energetikoki urriak edo eskasak direla errauste plantak eta bestetik prozesuaren hondakinak berrerabiltzeko oso toxikoak direla. "Eskoria eta errauts horiek porlanarekin nahastu eta azpiegituretako piezak eraiki nahi dituzte baina hori mundu guztian atzera botatzen ari dira, toxikotasunak denbora luzez irauten baitu eta erosioaren ondorioz toxikotasuna azaleratu egiten baita. (Alemanian errepideetan erabili eta orain hainbat kilometrotako ingurune kutsatuak dituzte)".
Gainera gogor salatzen du Ezker Abertzaleak informazio hain mugatua ematea, hau da, energiaren sorkuntza eta hondakinen berrerabilera aipatzea soilik: "Non geratzen dira beharko diren zabortegi toxikoak, kostu ekonomiko itzela, birziklapenaren atzerakada, gutxi batzuen aberaste nahia, Gipuzkoa osoko hondakinen garraio masiboa, osasunean eragingo dituen kalteak, inguruneak jasango dituenak eta garrantzitsuena, herritarren hitza, urteetan adierazitako aurkako jarrera, alegia?”
Urteak informazio eske
Ezker Abertzaleak dio urteak daramatzala jendarteari informazioa ematearen alde lanean, bere ustez, informazioa behar bezala emango balitz aurkako jarrera askoz indartsuagoa izango zelako. "Horren adibide dira Usurbilen egin zen herritarren parte hartze prozesua eta Hernanin martxan dena. Lan asko eta batez ere borondate politikoa behar beharrezkoak dira prozesu horiek martxan jartzeko".
Ezker Abertzaleak dio Foru Aldundiak eta Eusko jaurlaritzak beste era bateko politika darabiltela: "Ikusi besterik ez dago herritarren eskaera, mobilizazio eta ekimenei zer nolako harrokeri eta inpunitatez erantzuten dieten. (adibide garbia da 35.000 sinadura Jaurlaritzak 5 minututan zaborrontzira botatzea)”.
Bestalde, Ezker Abertzaleko ordezkariek ez dute ulertzen nola baieztatzen duten artikuluan gizarteak erraustegia onartzen duela ehuneko 70,8ak erraustegiaren eragina osasunarentzat kaltegarria dela uste baldin badu. "Guztiz kontrajarriak dira bi baieztapenak, are gehiago, hondakinak tratatzeko sistema moduan erraustegia baztertu beharra argi eta garbi adierazten du, izan ere, gizartearen osasuna babestea baita agintari ororen derrigorrezko betebeharra”.
Azkenik Ezker Abertzaleak Atez Ateko Bilketa Sistema aldarrikatzen du hondakinen gaiari irtenbidea emateko. Euren iritziz, Usurbilgo esperientziak eta mundu osoan dauden beste esperientzia batzuek sistema hau herri, hiri eta egoera desberdinetan aplikagarria dela frogatzen dute.
Beraz Lasarte-Oriako zinegotziek gaiaz ondo informatzeko eskatzen dute eta ondoren herritarren iritziari kasu egiteko.•