Kale-agerraldiak Atsobakarreko lan baldintzak salatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 15a

Astelehenean hasi ziren kontzentrazioak egiten eta gaur dute azken eguna. Era honetara, Atsobakar zahar egoitzeko erizaintza langile eta garbitzaileek bere egoera salatu dute.
Bere zerbitzuak kudeatzen dituen enpresak, Clecek ez ditu Udalarekin adostutako baldintzak betetzen, hau da, soldata baxuagoa ordaintzen die eta, gainera, jai egun batzuk eta baimenak kendu dizkiete.
ELA eta UGT sindikatuetako ordezkarien laguntza izan zuten astelehenean lehenengo konzentrazioan, baita asteartean Udalaren aurrean egin zutenean ere.
Horietan, Clece enpresaren eta Gizarte Zerbitzuetako buru den Lourdes Acevedoren aurkako oihuez gain, negoziazioaren aldekoak ere entzun ziren.

Udalaren erantzuna

Honen harira, Lourdes Acevedok, Gizarte Zerbitzuetako buruak adierezpenak egin ditu.
“Lehiaketa publiko bidez 2009an Clece enpresari esleitu zitzaizkion egoitzaren laguntza zerbitzuak. Honetan, aurrekontua handitzeaz gain, langile gehiagoren kontratazioa onartzen zen,” azaltzen du Acevedok.
“Langileekin eta sindikatuekin hitz egin nuen eta enpresa salatzea Udalaren eginbeharra ez dela adierazi nien. Izan ere, haiek salatu behar baitute enpresa,” adierazten du.
“Enpresarekin bilerak egin eta eskutitzak idatzi dizkiot subrogazioa betetzeko eskatuz,” gehitzen du Acevedok.
Langileek presio neurriak erabiltze ulertzen du, baina “egoitzako bertakoak bere xedea lortzeko erabili nahi dituen ororen aurka agertuko naiz,” aipatzen du.
“Adinduei ematen zaien laguntza kalitateri baino, diruari lehentasuna ematen diogula esatea, faltsua da,” adierazten du Gizarte Zerbitzuetako buruak.
“Atsobakar zahar egoitzan Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzuen katalogoak ezartzen duenak baino langile gehiago dugu. Honetaz gain, esfortzu handia egin dugu langileen kopurua handitzeko eta berrikuntza lanetan ere inbertsio handia egingo da,”azpimarratzen du Acevedok.
Eta “honek guztiak, beraz, adinduek Udalarentzat duten garrantzia eta lehentasuna adierazten dute,” amaitzen du.