Inauterietako kalejira antolatuko du berriro Ttakun-ek otsailak 13an

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 15a

Iaz Ttakunek lehenengo aldiz antolatu zuen inauterietako kalejira eta proposamenak sekulako arrakasta izan zuenez aurten berriro egingo dela aurreratu dute kultur elkarteko arduradunek. Ehundaka lagun mozorrotu ziren iaz zirkoan eta zirkoko pertsonaietan oinarrituta.
Hain zuzen ere, gaur ostirala, arratsaldeko 5etan Iñigo de Loiola kaleko gazte lokalean bilera egingo da aurtengo mozorroa erabakitzeko. Inauterietan mozorrotzeko gogoa eta kalejiran ateratzeko asmoa duten herritar guztiak daude bileran parte hartzera gonbidatuta. Joaterik ez dutenek, proposamen edo iradokizunik baldin badute, Ttakun elkarteko bulegotik pasa daitezke.
Inauterietako kalejira eta ondorengo dantzaldiak erantzun oso ona izan zuen iaz. Lehenengo aldiz elkarrekin egin zuten kalejira zenbait elkartek. Zentro Zibikoko emakumeak lorez mozorrotu ziren, Erketzekoak hawaiarrez eta guraso batzuek ijitoz. Hauekin batera hainbat lagunek zirko handi bat osatu zuten Ttakunen proposamenari jarraituz.