15 Esnea baserritik zuzenean

Txintxarri Aldizkaria 2010ko urt. 15a, 01:00

Ostiraletik aurrera baserriko esnea zuzenean, eta bitartekorik gabe erosteko aukera dugu Lasarte-Orian.
Duela aste batzuetatik ona, Dorre parke ingurutik, hau da, De Miguel farmazia ondotik pasa garen bizilagun guztiok ikusi dugu eguneko esnea erosteko aukera eskaintzen zigun makina hori. Baina ostiralera arte, ezin izan zen erabili.

Inaugurazioa

Herritar ugari bildu zen ostiral eguerdian makinaren inguruan.
Ana Urchueguia alkatea izan zen lehena makina erabiltzen. Makinan botila hartu, makinan dirua sartu eta botila bete zuen. Ostean, bertan zeuden herritarrei esnea eskaini zien.
Asko izan ziren esnea probatu eta etxera botila bat eraman zutenak.
Makinak baserriko litro bat esne euro baten edo litro erdia 50 zentimoren truke erosteko aukera ematen du.
Etxekoak, nahiz makinan bertan eskuratu daitezkeen plastikozko edo beirazko botilak erabili daitezke eta bertan azaltzen dira jarraitu beharreko pausuak.

Baserritarrei laguntzeko

“Herritarrentzat zerbitzu ona da, produktu osasuntsu eta naturala delako,” azaldu zuen Martin Morenok, Zerbitzu publikoetako arduradunak.
“Baserriei etorkizunerako bide bat ematea da,” gaineratu zuen. Izan ere, Tolosako Leaburu auzoko Mahala baserritik egunero ekarriko dute esne pasteurizatua eta freskoa.
Mahala enpresak kudeatuko du makina eta erosten ez den esnea gazta egiteko erabiliko dela aipatu du Martin Morenok.
“Herritarrek ekimenari harrera ona ematea espero dugu,” adierazi zuen eta, horrela bada, etorkizunean beste makina bat jartzeko aukera dagoela ere aurreratu zuen.