16 Imaz, Larrañaga eta Yaben atletak txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 16a

Txapelketatik txapelketara dabilen LOKEko beste ataletako bat, atletismoa dugu: Unai Imaz, Irati Larrañaga eta Olatz Yaben Euskadiko txapeldun izan dira. Lehengo asteburuan, Donostian eta Gasteizen burutu ziren Beterano, Junior, Jubenil eta Kadete mailako Euskadiko txapelketan emaitza paregabeak eskuratu zituzten Oskar Goikoetxearen mutil eta neskek.
Unai Imazek 800 metroetan junior mailako txapeldun izatea lortu zuen; Irati Larrañaga jubenilak, berriz, jauzi hirukoitzean urrezko domina lortu zuen, zilarrezkoa luzeran eta brontzezkoa altueran; Leire Amiano kadeteak ere domina eskuratu zuen pertikako proba 2. postuan bukatu ostean, eta Gaizka Ormazabalek juniorren 200 metroko finalean 4. postuan bukatu zuen. Bestalde, Antonianos taldean dabilen Olatz Yaben herritarrak ere Euskadiko txapela lortu zuen 600 metroko lasterketan.

Atletismoaz gozatu

Era berean, Espainiako atletismo federazioak antolatuta, Atletismoaz gozatu lehiaketa jokatu zen lehengo asteburuan Zaragozan.
Bertan Landaberri ikastolako 1go DBH mailako Saioa Olasagasti, Maria Eugi, Patricia Prieto eta Ane Galardi lasarteoriatarrak lehiatu ziren, Amaia Andres eta Oscar Goikoetxea entrenatzailen laguntzarekin.
Nahiz eta 9 taldeen artean lasarteoriatarrek 7. postua lortu, denak oso pozik itzuli dira, batetik Landaberrik Estatuko txapelketa batean parte hartu eta jarritako helburua gainditu dutelako, baita neska gaztetxoek izandako esperientzia oso aberasgarria izan delako ere.