Zer aurkituko dugu "Connexions" erakusketan?
Ni beti bezala, ez ohiko artea egiten saiatu naiz. "Connexions"-en aurkituko duzuen artea ez ohiko moduan izango da. Bi instalazio daude, horietatik bat fatxadan.
Leihoen gainean marrazki oso arinak jarri ditut, atea irekitzen den bakoitzean, haizearen bidez mugimendua islatzeko, jokoa sortzen du. Era berean, gardena da, kaletik ikus daitekeena.
Nola definituko zenuke zure artea?
Interdiziplinarra. Diziplina ezberdinak nahasten ditut. Erakusketa honetan ikusten ditugunak zer dira marrazkiak edota eskulturak? Bakoitzari erabakitzen uzten diot. Nik hemen erakusten ditudanak marrazkiak dira, baina ikusi gabe marrazturikoak. Nik paisaiak edota gorputzak begiratzen ditut soilik, nire eskua libreki marrazten du, eta amaitutakoan soilik begiratzen dut. Honekin perfekzioa erabat handitzen da. Gauzei pixkanaka begiratuz askoz gehiago antzematen da. Askotan gauzak modu razionalean ikusten ditugunean zerbait berezia galdu dezakegu, baina nik erabilitako teknikarekin gordinki islatzen da.
Beti esaten didate mutante xamarra dela nire obra, beti aldatzen dabilena. Eta arrazoia dute.
Zer da zuretzat zure obra?
Niretzat prozesu oso garrantzitsua da. Mundua aldakorra da, lekuak aldatzen dira, eta zure animu egoera ere askotan aldatzen da, zu nola sentitzen zaren asko eragiten du artean. Nire obren bitartez ikusleei erreflexiorako bidea ireki nahi diet. Baina ahaztu gabe, obra hauek disfrutatzeko direla.
Bakoitzak sumatzen duena onartzen da, bestela oso itxia izango litzateke, eta niri ez litzaidake horrela izatea gustatuko. Oso argi daukat ikusleak euren esperientzien bidez bete behar dituztela nik proposatutako obrak, beren pelikula eratzeko. Eta hori norberaren eginkizuna da. Nik botatako ideiak jolaserako habiapuntua eskaintzen dute. Artean garrantzitsuena ikuslea da.
Nola eragiten dute Deleuze eta Derridáren pentsamenduek zure obran?
Pentsalari hauen aburuz, bizitza ez dago ondo zehaztuta edo finkatuta. Ez dira bide bakar batean zentratzen.
Hemendik hona, aldrebes, gauzak modu errizomatikoan mugitzen dira. Mugimendu horietan, gauzak nahasten edo bizitzen dira. Beraien pentsamendua oso sakona da, eta horren isla nire obretan markatzen ditudan marrak izango lirateke adibide.
Modu infinitu batean dimentsioak eta pentsaerak daude, eta eurak elkar erlazionatzen dira, gure burmuinaren funtzionamenduaren antzekoa. Ideia bat bestearekin lotzen dugu, azkenean, konexioak sortzen ditugu, erakusketa honen izena hortik etorriko litzake.
Marrazkiak eta eskulturak, zergatik nahasketa hori?
Marrazkia egin eta gero, handitu egiten dut, formatu handian irudikatuz. Hauetan argizariz egindako eskulturak sartzen dizkiot, material biguna eta erraz moldatzen dena. Bi materialak erabat nahastuz.
Altzairuz egindako instalazio bat ere baduzu, lehenengo aldia al da material hau lantzen duzula?
Normalean argizaria lantzen nuen, eta orain erabat ezberdina den material batera jo dut. Esanahia erabat aldrebes dute gainera.
Altzairua, serioa da eta bestetik, argizaria biguna, gorria, askoz biziagoa. Oso polita izan da esperientzia. Kristina de la Fuente, galeria honen arduradunak proposatu zidan, probatu, eta nik uste oso ondo geratu dela, erakargarria da oso.
Zergatik erabili duzu argizari gorria soilik?
Gorria oso bizia delako. Koadroak txuri-beltzak dira, hotzak, eta argizari gorriaren bidez kontrapuntu bat ezartzen dut, aldatzeko, indarra sartzeko.
Magnolia hostoekin beste instalazio bat egin duzu, nolakoa izan da lana?
Petaloak organikoak dira, lehortu egin behar izan ditut euren forma borobila mantentzeko, eta duten mugimenduaren sentsazio hori galdu ez zezaten. Ikuslea espazio txiki batean, berezian sartzen da. Momentu horretan hasten da gure barnean sentsazio arraro bat, Leireko elizaren kriptan sartzen garenean sentitu daitekeen antzekoa, obrarekiko barnerapen bat. Naturarekin konexio bat sortzen da, bizitasuna, energia positiboaz betetzen gaituena, naturak eskaintzen dizkigunei erreparatzeko aukera ematen digu; petaloen mugimendua, formak. Iragankorra da, petaloak ez dira asko biziko. Obra hau arte areto honetarako espreski egin dut. Gauzak gustura egitearen adibide garbia da.
Noiz arte dago irekia erakusketa hau?
Otsailaren 5a arte egongo da irekia Arteko Kultur Gunean, Grosen. Asteartetik larunbatera, goizez eta arratsaldez.