Kolunbarioa erabiltzeko eskaera epea ireki du Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 18a

Illarraltzueta udal hilerriko kolunbario berriaren erabilera arautuko duen ordenantza indarrean da dagoeneko, beraz, hau erabiltzeko interesa duten pertsonek eskaera egin dezakete.
Ana Urchueguia alkateak azaldu duen moduan, "gure helburua da hiritarrei zerbitzu oso bat eskaintzea denborarekin sortzen doazen beharrei egokituz, izan ere, azken urteotan ehorzketa kopurua jaitsi egin da."
Guztira 96 horma-hilobi ditu errautsentzako. Horregatik, Udalak jakin arazi duenez, printzipioz, udalerrian bizi zirenen errautsak bakarrik onartuko dira, hau da, hiltzeko unean Lasarte-Orian erroldatuta zeudenak.
Era berean, Lasarte-Orian erroldatuta ageri diren pertsonen kasuan, baldin eta haien lehen mailako senitartekoak (gurasoak, seme-alabak) udalerriko hilerrian hilobiratuta badaude. Gorpua hilobitik atera eta erraustu ostean, errautsak kolunbarioan gorde ahal izango dituzte.
Hala ere, eskaerak egin eta hilobiak libre egonez gero, udalerrian jaioak izan eta hiltzeko unean bertan bizi ez direnen errautsak ere gorde ahalko dira.

Baldintzak eta eskaera

Unitate bakoitza erabiltzeko epea hamar urtekoa izango da eta tasa 330 eurokoa. Epe hori luzatu ahalko da, behin bakarrik eta beste hamar urtez, beti ere, aurretik ehortzita izan ez diren gorpu edo gorpuzkien kasuan.
Kolunbarioa erabiltzeko interesa duten pertsonek eskaera aurkeztu beharko dute Udaleko Erregistro Orokorrean.
Udalak emango dien inprimakiarekin batera, NANaren fotokopia, erraustu izana egiaztatzen duen dokumentua eta, aurretik lurperatu gabeko hilotzen errautsak badira, heriotzaren Erregistro Zibileko inskripzioa aurkeztu beharko dituzte.