Sendabelarrei buruzko ikastaroa

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 18a

Sendabelarrei buruzko ikastaroa antolatu du Ttakunek. Hilaren 25ean astelehena arratsaldeko 19:00ak eta 21:00ak artean egingo da Xirimiri elkartean. Parte hartu nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte, ikastaroan bi ukendu prestatuko dira eta, beraz, etxera eramateko potetxoak beharko dira.
Helburu xinple eta xumea du ikastaroak antolatzaileek adierazi dutenez, "guregandik gertuen dauzkagun, eta maiz erabili edo entzun ditugun belar arruntenak ezagutzen joatea".

Ezagutza partekatu

Gainera ikastaroaren helburuetako bat parte hartzen dutenek aurretik daukaten ezagutza partekatzea izango da, beraz belar hauen erabilpenen bat jakin edo beste ezagutzaren bat daukatenek beren ekarpena egiteko aukera izango dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, jakina da hainbat gaixotasuni aurre egiteko garaian zenbait etxeetan sendabelarrak erabiltzeko ohitura handia izan dela, "aurreko belaunaldira arte behintzat ia erabat".
Hau ahoz aho belaunaldi batetik bestera pasa izan da baina beldur dira hau ez ote den azkena izango. “Izan ere medikuntza "ofizialak" orain arte behintzat ez du oso begi onez ikusi belarren erabilera”.

Ezkutuko erabilera

"Beraien kontrolpetik kanpo zegoen guztia zen txarra eta erabilera debekatu zuten urtetan. Azken aldian ordea, zenbait medikuk beste era bateko joerak onartzen hasi eta ondorioz, atea ireki da lasaitasun gehiagoz medikuari aitortzeko adibidez txaplata edo enplasto bat edo beste erabili dugula edo halako edo besteko ukendua jarri dugula".
Hala ere, penaz aitortzen dute Ttakuneko ordezkariek denentzako kaltetan ezagutza ugari galdu dela hain juxtu isilpean erabili izan direlako, eta azken finean jokabide eta ohitura horiek baztertzen joan garelako. "Ez inondik ere euren eraginkortasuna zalantzan dagoelako, baizik eta medikuekin izan ditugun harremanak ez direlako berdintasunean oinarrituak izan eta medikua jainko txiki bat bezala tratatua izan delako. Gaurko egunera arte eta zenbait kasutan gaur egun ere bai".
Beraz, ikastaroan antolatzearen asmoa, gure amonei edo amei entzundakoak berritzea izango da. "Izan ere emakumeak izan dira ezagutza hauen gordailu. Sarritan arrisku handiz, sorginkeriekin lotzen zituztelako eta badakigu salaketa horiek batzuei zer ondorio ekarri zizkieten".
“Nork ez ditu ezagutzen berbena belarrak? Nork ez du entzun pareta belarraren edo pasmo belarraren aipamenik? Ba al da inor, inoiz kamamilarik hartu ez duenik?” Ba hain juxtu belar hauek, gehien erabiltzen direnak, ezagutaraziko dira, zertarako diren komenigarri eta nola erabili behar diren, eta ikastaroan ukendu bat ere egingo da.