Aranzadi elkarteak gonbidatuta Boavista irlan burutzen ari diren zientzi-ikerketa batean parte hartu du Nerea Sanchez herritarrak. Gutxitzen ari diren dortoka boba edo kareta dortoka izenekoak neurtu eta kontatzen aritu da. Esperientzia bikaina izan dela kontatu digu.
Zer dela eta joan zara Cabo Verdera?
Unibertsitatetik eta Aranzadi elkartetik eskutitza iritsi zitzaidan udako praktikak Cabo Verden egiteko aukera nuela azalduz, eta irakurri bezain pronto esan nuen: "ez dut galduko. Nola ez dakit, baina joan egingo naiz". Izena eman nuen eta aukeratu nindutela esateko deitu zidaten, hemengo beste 12 pertsonarekin batera joango nintzela. Kutxak ere laguntzen du proiektuan.
Biologia ikasi zenuen Unibertsitatean, eta pixkanaka itsasoko gaietan espezializatu zara...
Bai Getxoko Acuarium-ean aritu naiz lanean. Egia da arreta eta jakinmin gehiena pizten didan gaia hori dela eta urte bete daramat horretan.
Esperientzia berezia izan da beraz zuretzat Cabo Verdekoa...
Bai aparta, ederra. Edozein animatuko nuke horrelakoren bat egin dezan.
Non egon zarete?
Cabo Verdeko irletan, Boavista izenekoan egon ginen hiruzpalau astez, iraila eta urrian, dortokekin lanean, Kareta Dortoka edo Dortoka Boba delakoa babesteko eta zaintzeko nazioarteko kanpamendu batean. Ervatâo izeneko tokian izan nintzen ni, eta beste kanpamendu bat Porto Ferreiran zegoen.
Zer egiten zenuten?
Arlo edo lan ezberdinetan aritu gara. Dortoka handiekin gauez egiten genuen lana. Hondartzatan ibiltzen ginen arrautzak errutera zetozen dortoka emeen bila. Ikusiz gero, jarraitu eta behin bukatzen zutenean, arrautzak kontatu eta neurtu egiten genituen, beti ere ilunetan edo argi gorriarekin dortokak ez molestatzeko. Bestalde, dortokak eurak ere aztertzen genituen, arrasto, orban edo zauririk zuten eta hegatsak ondo zituzten begiratu, marrazoen erasorik jasan ote zuten ikusi eta txipen irakurlea pasatzen genien: Txip zenbakia jaso eta txipik ez zeukatenei jarri.
Kanariar irletako unibertsitatearen ekimenez, Cabo Verden 12 urtez martxan dagoen proiektua honetan, bigarren urtez parte hartu du aurten Aranzadik. Proiektuaren helburua horixe da, urtetik urtera, dortokei jarraipena egin eta desagertzeko arriskuan dauden espezie hauen kopuruaren bilakaera ikustea.
Munduan itsas dortoken zazpi espezie besterik ez dago. Kareta dortokekin lan egin dugu baina dortoka berderen bat ere ikusi dugu ibilaldiren batean.
Lurretik lan egin duzue, ezta?
Bai gauetan ateratzen ginen "dortokatara". Edota goizean goiz jaiki eta goizeko 6etarako hondartzatan genbiltzan. Kanpamenduaren inguruan zenbait hondartza ziren, urrutiena zegoena 9 kilometro ingurura, eta egunean zegokigunera joaten ginen. Goizetan zaila zen dortokak ikustea, baina dortoken arrastoen informazioa jasotzen genuen. Hondartzak arakatu eta bezperako arrasto guztiak jaso eta kontatu ondoren ezabatu egiten genituen.
Hiru kasu ziren, batzuetan dortokak uretatik ateratzen ziren erruteko, baina ez zitzaien tokia gustatzen eta itzuli egiten ziren. Hauek ere kontatzen genituen. Beste batzuek habia egiten saiatzen ziren, arrautzarik jarri gabe eta azkenik habiak egiten zituztenak zeuden. Hiru kasuak kontuan izaten genituen.
Nolako dortokak dira?
Ehun urtetik gora dituzte askok eta mundu guztian daude. Kantauri itsasoan ere egon badaude, baina ikusteko zailagoa da. Ugalketarako ur beroak behar dituzte, beraz Cabo Verde oso egokia da eta han askoz gehiago ageri dira. Bereziki Boavistako irla, Cabo Verden hirugarrena da hedaduraz eta jende gutxien bertan bizi da. Baina Hego Amerikan ere ikerketak egiten direla badakit, proiektuan ari den Unibertsitateko irakasle batek aipatu zidanez. Agian hurrengo urtean animatuko naiz. Han beste espezie batzuk ikertzen ari dira.
Desagertzear dauden dortokak dira, zergatik?
Estatistiken arabera, dortokek jarritako mila arrautzetatik bat iristen da "heldutasunera". Dortoka batzuek 50 arrautza erruten dituzte, beste batzuek ehun baino gehiago, baina bataz beste 70-80 inguru.
Proiektua duela 12 urte jarri zen martxan, beraz oraindik ezin da jakin hartu diren erabaki eta emandako pausuekin dortoken etorkizunak hobera egin duen.
Zer gertatzen zaie dortokei? Zein arazo izaten dituzte?
Zenbait arazo dira. Cabo Verdekoek urte asko daramate dortokak ehizatzen. Gero saldu edo eurek jaten dituzte. Itsasotik ateratzen direnak emeak dira, beraz gainera emeak harrapatzen dituzte hondartzetan. Dortoken ehiza debekatuta dago Cabo Verden, baina oraindik badira araua errespetatzen ez dutenak. Dena den, honetan aurrerapen handiak izan dira eta nahiko kontrolatuta dago. Hondartza batzutan militarrak ibiltzen dira eta gu geundenetan ere ez zen ehiztaririk.
Bestalde, naturan ere badituzte etsaiak dortokek. Batez ere txikiak direnean. Karramarro fantasma deituak oso bizkorrak dira eta dortoken arrautzak hartu eta jaten dituzte habietatik. Eta itsasoan, dortoka jaioberriek hainbat oztopo gainditu behar dituzte, bizi nahi badute, beste hondartza batzuetara bidean, esaterako marrazoa da harraparietako bat.
Ikerketaren beste atala hondatzeko arriskuan ziren habiena zen. Marea gora etortzean urak harrapatzeko arriskuan edo beste arrazoiren batengatik galtzeko arriskuan ziren habiak lekuz aldatzen genituen.
Itxitura baten barruan jartzen ziren eta dortokak jaiotzean kontatu, pisu, zabalera zein luzera neurtu eta esfortzu proba bat egiten zitzaien, jaioberrien bizkortasuna ezagutzeko. Ondoren itsasoan askatzen ziren.
Eta irlak, oro har, zer moduzkoak iruditu zaizkizu?
Sinestezina da. Paradisua. Boavistan dena da hondartza eta erdian mendixka txiki bat. Euri garaian izan ginen, baina giroa eta tenperatura oso atseginak ziren. Euri asko ere ez du egiten. Hondartzak miatu eta gero bederatziak aldean bainu ederrak hartzen genituen hondartzan. Gero Cabo Verdeko beste irlak ezagutzeko aukera izan genuen. Turista bezala ibili ginen aste betez. Hori ere zoragarria izan da.
Zenbat lagun zineten?
25 bat izango ginen guztira, 13 hemengoak. Besteak kanariarrak eta Cabo Verdekoak ziren. Batzuk zientzilariak, baina bestelakoak ere bai, ikasleak, langabetuak, laguntzeko prest daudenak,... Borondate onekoak denak.
Antzeko esperientziarik izan al duzu?
Ez eta joateaz ez naiz damutzen. Eta ez pentsa kanpamentuan sekulako baldintza apartak genituenik. Jatekoa eta ura egunean behin ekartzen ziguten, ez zegoen dutxarik, ez komunik, baina hala ere esperientzia paregabea izan da.
Errepikatzeko modukoa al da?
Bai gustatuko litzaidake itzultzea eta proiektuarekin jarraitzea. Egundokoa izan da eta.
Egun batean bertako umeekin ere egon ginen. Hitzaldi bat eman eta dortoka txikiak ikusi, ukitu eta ezagutzeko modua izan zuten.
Ikusgarria da dortokatxoak hondarretan utzi eta nola ibiltzen diren ikustea. Neska-mutikoak ere arazoarekin kontzientzia hartzen ari direla somatu nuen. Jakina, hezkuntza oso garrantzitsua da. Oinarrizkoa.