19 “Gazteenetarikoa izango naiz selekzioan”

jon-altuna 2010eko urtarrilaren 19a

Bihar asteartea Madrilera doa Miriam Infante hiru egunerako Espainiako selekzioarekin entrenatzera. 14 urte ditu Ostadarreko jokalariak, oraindik denboraldi hau eta beste bat jokatuko ditu kadeteen mailan eta azken aldian ezusteko handiak hartu ditu. Euskadiko selekzioarekin jokatzen hasi da, Emakumeen Super Ligaxkan jokatzen duten Errealeko futbolariekin entrenatu zuen aurreko astean, eta Espainiako selekzioarekin entrenatzeko deitu diote.

Bost bat urterekin hasi zen baloiari ostikoka. Gogoan du baloia izan zuela oparirik politena. Gero, futbola aukeratu zuen beste kirol batzuen artean eta maila onean ari da jokatzen. Anaiaren eragina ere izango zen. Bost urte zaharragoa da eta Real Union-en bigarren taldean jokatzen du, Preferente mailan. Hirugarren mailara igo nahi dute.

Madrilera zoaz Espainiako selekzioarekin entrenatzera, pozik egongo zara, ezta?
Bai, oso pozik. Ez nuen espero. Ezusteko handia izan da, baina oso pozik nago.

Lehen aldiz al zoaz horrelako kontzentrazio batetara?
Bai aurretik Euskadiko selekzioarekin izan nintzen. Ikusi egin behar beraz ea zer moduz aritzen naizen...

Bi euskaldun joango zarete, Gasteizko Ane Otxoa eta zu. Ezagutzen al duzu?
Bai, Euskadiko selekzioan egon ginenean lagunak egin ginen. Horrela hobe, orain adiskide bat izango dut Madrilen. Besteak ez ditut ezagutzen, toki guztietakoak daude, Mallorkakoak, Bartzelonakoak, Madrilekoak...
16 urtetik azpikoen entrenamendua da, zuk 14 dituzu...
Bai txikienetarikoa izango naiz.

Ostadarren jokatzen duzu, Errealarekin entrenatu, Euskadiko selekzioan zaude, orain Madrilera entrenatzera... baloratua sentituko zara, ezta?
Bai oso pozik nago. Inola ere ez nuen pentsatzen honaino iritsiko nintzenik, ezustean harrapatu nau.

Beraz, gustatzen zaizulako jokatzen zenuen...
Bai, kirol honek zoratzen nau, oso gustukoa dut. Beste kirol batzuk ere egin ditut, baina 11 urterekin futbola aukeratu nuen asko gustatzen zaidalako, eta hemen nago.

Euskadikoarekin askotan jokatu al duzu?
Lau bat astetan sei bat entrenamendu egin genituen eta gero Valentziara joan ginen Torneo bat jokatzera. Bi partiduak jokatu nituen. Ondo egon zen.

Agian orduan ikusi zintuen norbaitek eta horregatik aukeratu zaituzte orain...
Bai hori uste dut.

Euskadikoan segiko al duzu?
Bai lehen fasea gainditu genuen eta bigarrena jokatzera joan behar dugu, uste dut, Kanariar irletara. Ikusiko da zer egiten dugun.

Gustatuko litzaizuke Euskadiko selekzioa ofiziala izatea?
Bai, beti oso gustura egon naiz Euskadiko selekzioan.

Eta noiz hasi zinen Errealarekin entrenatzen?
Aurreko asteazkenean Super ligako neskekin entrenatu nuen lehenengo aldiz, baina duela bizpahiru aste hasi nintzen nire adinekoekin entrenatzen Aretxabaletako torneoa jokatzeko. Hori ere ondo atera zen eta pozik nago. Aste honetan, Madrilen nagoenez, ezingo dut handiekin entrenatu, baina datorren astean ere Errealeko talde nagusiarekin jardungo dut. Momentuz entrenamendu hauetarako deitu didate.

Denbora asko kentzen al dizu futbolak?
Nire ustez denerako denbora atera daiteke. Ez ditut ikasketak albo batera uzten, denbora daukat gustuko dudanerako eta baita ikasketetarako.

Kirolari eta emakume, zer sentitzen duzu?
Mutilen futbolak beste maila bat du baina ondo sentitzen naiz.
Orain dela gutxi arte mutilen esparrua zen futbola...
Nik beti mutilekin jokatzen nuen 12 urterekin Ostadarren hasi nintzen arte. Futbolean jokatu nahi nuen, horregatik sartu nintzen eta oso pozik nago bertan.

Munduko txapelketa edo olinpiadaren batean jokatzeko itxaropenik ba al duzu?
Sekula ez dut hona iritsiko nintzenik pentsatu eta ez dakit. Jada etortzen denari heldu beharko diot, eta nagoen tokian ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz. Ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren.

Noiztik jokatzen duzu futbolean?
Bost urterekin jada aritzen nintzen. Nire lehen oparia baloia izan zen seguruena.

Baduzu anaiarik?
Bai nire anaiak 19 urte ditu, Real Union Bn jokatzen du Preferentean, eta asko laguntzen dit. Familia osoari gustatzen zaio futbola, asko. Txikitatik animatu naute.

Anaiarekin arituko zinen txikitan, ezta?
Askotan. Asteburuetan baloia hartu eta kalera ateratzen ginen jolastera.

Nolatan hasi zinen futbolean?
Ping Pong, atletismoa, futbola,... kirol guztiak egiten nituen baino geroago batez ere futbolarekin zaletu nintzen.

Zein tokitan jokatzen duzu?
Erdian ezkerraldetik. Ezkerra naiz.

Golik sartzen al duzu?
Nire mailan gol asko sartzen ditut, iaz 49 sartu nituen. Ondo nabil baina selekzioan zailagoa izango da.

Eta partidu bakar batean, zenbat sartu dituzu gehien?
Aurten lau sartu ditut.

Zer moduz Ostadarren?
Ostadarren sartu nintzenetik oso gustura nago. Izan ditudan entrenadore guztiekin oso ondo egon naiz, prestatzaile eta pertsona bezala miresten ditut. Taldeko lagunak ere oso ondo portatzen dira nirekin.

Eta zer moduz ari da taldea?
Espero dugu aurten kopan ondo ibiltzea. Ea zer egiten dugun kadete mailakoek. Gero beste talde bat badu Ostadarrek erregionalean.

Nesken superligaxkan jokatzea hurbil ikusten al duzu?
Ez dakit, nik zelaian ahal dudana egingo dut eta urteak pasa ahala ikusiko da. Agian bai, baina zaila izango da kirol maila handia daukate eta. Oso onak dira. Aurrena Errealera heldu behar, Super ligara. Bilbo urrunago dago.

Athletic-eko neskak Europan ere aritu ziren, jarraitu al zenituen partiduak?
Batzutan ikusten ditut telebistaz emakumezkoen partiduak. Gustatzen zait derbiak ikustea.

Batxilergoa ikasten ari zara?
DBHko 3. mailan nago, Lasarte-Usurbilgo institutuan.

Futbolaz aparte beste zein zaletasun daukazu?
Zaletasun nagusia beti izan da kirola. Ping pong-ean Euskadiko hirugarrena izan nintzen, atletismoa eta igeriketa ere asko gustatzen zaizkit. Marraztea ere gustuko dut.